argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako Erreferenduma: Legebiltzarrak edo Gobernuak deituko du?
  • Kataluniako Legebiltzarreko Mahaia eta Espainiako Gobernuak oporren osteko lehen bilerak egingo dituzte asteazken honetan. Hilabete eta erdi geratzen dira Kataluniako urriaren 1eko erreferendumerako eta prozesuaren azken txanpa irekitzen dute bi bilera hauek.

Xabier Letona Biteri @xletona 2017ko abuztuaren 16a
Carles Puigdemont lehendakaria Kataluniako Legebiltzarrean. (Arg.: Generalitatea)

Kataluniako Legebiltzarreko Mahaiak gaur bertan erabaki zezakeen Erreferendumaren Legea tramitera onartzera, baina horrek Espainiako Gobernuaren berehalako helegitea ekarriko luke, eta halakorik ez duela egingo pentsatzen da. Legebiltzarraren lehen osoko bilkura irailaren 6an egingo da. Orain egin ezean, JxSík eta CUPek aurrerago aurkeztu dezakete lege proposamen gisa, komeni zaien arabera.

Prozesuaren hasieratik egon da mahaiaren gainean nork deitu erreferenduma, Legebiltzarrak edo Gobernuak. Legebiltzarrak deitzeak zilegitasun handiagoa emango lioke hainbat irakurketaren arabera, baina Gobernuak egiten badu lege prozedurak laburragoak dira eta, beraz, Espainiako Gobernuak denbora gutxiago izango du helegitea jarri eta erantzuteko.

Legebiltzarreko Mahaiak Gobernuaren esku uzten badu, honek bi bide ditu. Lehenean, Kataluniako Gobernuak lege proiektu gisa aurkeztuko luke, epeak motzagoak lirateke eta gainera irakurketa bakarrarekin onartu ahal izango litzateke, Espainiako Konstituzio Auzitegiari parte hartzeko denborarik eman gabe eta, beraz, desobedientzian erori gabe. Hala ere, Konstituzionalak jakinarazi dio Legebiltzarrari, irakurketa bakarreko aldaketa bideratu zuen 135.2 artikulua bertan behera utzi zuela eta ezin duela halako biderik erabili.

Beste bidea azkarrena litzateke, Gobernuak lege dekretuz aterako luke aurrera erreferenduma arautzen duen legea eta berau indarrean legoke Kataluniako buletin ofizialean argitaratu ondorengo egunean.

Legebiltzarreko Mahaiak egunotan bideratzen badu proposamena, irailaren 6an edo 7an onartu lezake osoko bilkurak. Dekretuz balitz, irailaren 7, 8 edo 9an onar lezake Gobernuak.

Trantsizio Legea ere hor da

Abuztuaren 30ean eta 31n, halaber, Trantsizio Legea aurkeztuko da Kataluniako Legebiltzarrean, baina ez dago argi noiz eramango den bozketara. Badirudi erreferendumaren aurretik izango dela, hori da behintzat ERCk eta CUPek defendatzen dutena, hauen ustez horrela herritarrak aldez aurretik jakingo lukeelako zer gertatuko den erreferendumean baietzak irabaziko balu.

155. artikulua ez da indarrean jarriko

Aspaldiko zurrumurrua da albistea, baina egunotan iragarri du ofizialki Rafael Hernando Espainiako Kongresuko PPko bozeramaileak: Kataluniako autogobernua bertan behera uztea aurreikusten duen Konstituzioko 155. artikulua ez da indarrean jarriko Kataluniako erreferenduma debekatzeko. Hala ere, aurrera zuen beste bide batzuk badirela Konstituzioan, erabili egingo direla eta erreferenduma ez dela egingo.