argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako independentziaren kontsulta bideratzen hasi dira CiU eta ERC
Ainhoa Mariezkurrena Etxabe 2013ko urtarrilaren 08a
Marta Rovira, Lluis Salvado, Marta Llorens eta Jordi Turull Kataluniako erreferendumaren inguruko lehen bileran.

CiUko bi kide eta ERCko beste bi elkartu ziren atzo Kataluniaren subiranotasunaren eta erreferendumaren inguruan hitz egiteko. Kontseilu Katalanak Trantsizio Nazionalaren inguruko txostenak datorren astelehenean aurkeztea adostu dute, baita bertan sartuko diren kide berrien zerrenda eramatea ere.

Trantsizio nazionala bideratzen hasi dira

Artus Mas Generalitateko presidenteak adierazi du independentziaren prozesu formala Parlamentuan hasiko dela ofizialki eta katalanen eskubidea dela haien etorkizuna erabakitzea.

Burujabetzaren aitortzaren aurkezpen testua proposatu beharko dute astelehenean eta lehen ohiko bilkuran bozkatuko da gero. Katalanen autodeterminaziorako eskubidea aldarrikatuko dute horrekin. Alderdi bakoitzeko hiru kidek parte hartuko dute bertan, bozeramaile eta gizarte zibileko ordezkariekin batera. Data zehaztu ez badute ere, datorren 23an izan litekeela adierazi du El Paisek. Horretarako kontuan hartuko dituzte erreferenduma babestu duten alderdi eta eragileak, kontsultaren alde daudenen indarra bateratzea "beharrezkoa" dela uste baitute.

Kontseilu Katalanaren helburua otsailerako Gobernu zentralarekin elkarrizketa abiatzea da, formalki erreferendumaren deialdia zehazteko, El Paisek adierazi duenez.

Defizita

Era berean, Espainiako Gobernuak markatu duen defizitaren inguruan hitz egin dute eta %7 eta %1,5eko tartera zabaltzeko asmoa azaldu dute. Espainiak egin nahi zuen 4000 milioi euroko murrizketa 1.600 miloi eurokoa izango litzake horrela, erdia baino gehiago aurreztuko litzateke, beraz.