argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako erreferenduma babesteko sinadurak biltzen ari dira EHUko hainbat irakasle
  • EHUko irakasle talde bat eta euskal gehiengo sindikala urriaren 1ean Katalunian egitekoa den erreferendumarekiko elkartasun-adierazpena bultzatzen dabiltza.

Hiruka .eus 2017ko abuztuaren 30a
Gure Esku Dagok Kataluniarekin elkartasunez maiatzean egindako elkarretaratzea (argazkia: EITB).

Mila Amurriok, Helena Francok, Pedro Ibarrak, Petxo Idoiagak, Ane Larrinagak, Iñaki Lasagabasterrek, Francisco Letamendiak eta Ramon Zallok izenpetu dute manifestua, Garbiñe Aranburu (LAB), Biktor Galarza (Hiru), Alazne Intxauspe  (Etxalde), Txiki Muñoz (ELA), Txejo Ortega (ESK) eta Ana Pérez (Steilas) sindikalistakaz batera. Haien helburua "ahalik eta sinadura gehien ahalik eta epe laburrenean" (irailaren erdialdera arte) batzea da. Prestatu duten webgunean eman daiteke atxikimendua.

Adierazpenean, Kataluniako Gobernuaren zein Parlamentuaren gehiengo zabalak deitutako "erreferendumaren legitimitate demokratikoa" aldarrikatzen dute eta hango jendarteak Estatu propioa izatearen inguruan galdekatua izateko duen "gogoa" azpimarratzen dute sinatzaileek.

Aurrekoagaz batera, PPren gobernua kritikatzen dute, "PSOE eta Ciudadanos alderdien konplizitateaz baliatuz, erreferendum hori bitarteko oro erabiliz eragotzi nahi duelako, emaitzei beldurra dielako". Diotenez, urriaren 1ean, "erabakitzeko bere eskubidea burutzea nahi duten Kataluniako herritarren eta eskubide hori eragotzi nahi duen Estatuaren arteko talka gertatuko da"; hori da Kataluniaren aldeko beraien elkartasunaren jarreraren arrazoia.

Horregatik ere deitoratzen dituzte erreferendumaren aurrean agertutako bi jarrera: "hitzez herrien autodeterminazioaren alde egonik ekintzez erakusteko aukera agertzen den honetan, Estatuak eragindako berme ezaren erantzukizuna demokratei leporatuz, atzera egiten duten horien koherentzia eza’ eta ‘Eusko Jaurlaritzaren elkartasun eza, (…) Rajoyen gobernuarekin egindako akordioak PPko gobernua sendotu eta Kataluniako instituzio demokratikoak ahultzen dituztelako".

Gainera, "erreferendum horren alde deituko diren mobilizazioekin bat" egiten dute: Bartzelonan bertan, irailaren 11ko Diadako deialdiagaz eta, bereziki, Euskal Herrian, Gure Esku Dagok irailaren 16rako Kataluniaren erabakitzeko eskubidearen alde Bilbon deitutakoagaz.

Albiste hau Hirukak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.