argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako emakume kazetarien erdiak baino gehiagok jasaten du sexuagatiko diskriminazioa
  • Media.cat-ek egindako azken ikerketak agerian utzi du emakume kazetariek Katalunian jasaten duten sexu-diskriminazioa. Inkestatutako emakumeen %54,4k sexu-jazarpena jasan dutela eta %55,1ek sexu-generoaren araberako jazarpena izan dutela adierazi dute.

Leire Ibar 2024ko abenduaren 31
Ikerketa batean emakume kazetariek jasaten duten diskriminazioa eta jazarpena aztertu dituzte. Pixabay

Ikerketan jasotako datuen arabera, inkestatutakoen %80 baina gehiagok onartu dute sektorean sartzeko, irauteko eta aurrerapausoak emateko zailtasunekin egiten dutela topo. Oztopo horien artean, ohikoenak inpostorearen sindromea (%51,8) eta soldata baxua (%50,9) dira. Horrez gain, talentuaren balorazio baxua (%42,9), ordutegiarekin arazoak edo lana zein bizitza bateratzearen zailtasunak (%42) eta lan-karga gehiegizkoa (%38) azpimarratu dituzte.

Itxura fisikoaren inguruko diskriminazioa ere ohikoa dela adierazi dute, eta emakumeen %44,9k aitortu dute mota horretako diskriminazioa jasan dutela. Kasu gehienetan, gaztetasun itxura izateko beharra da diskriminazioaren jatorria, eta bigarren diskriminazio arrazoi errepikatuena "baldintza estetiko jakin batzuk ez betetzea" da.

Emakume kazetariek lan esparruan jasaten duten diskriminazioa ere aztertu du ikerketak. Emakumeen %72,1k adierazi dute sarriago direla gizonak taldeko bileretako hitzaldietan parte hartzen dutenak, eta emakumeek gizonek baino lan karga gehiago hartzea ohikoa dela. Horrek, egonkortasun profesionala eta aurrerapausoak ematea eragozten dietela azaldu dute. 

Salatzeko babesik ez

Horrez gain, genero indarkeria jasan duten hamarretik sei emakume kazetarik azaldu dute ez dutela konfiantzarik salaketa sistemetan. Hori dela eta, kazetaritza arloan sexu-jazarpena jasaten duten hiru emakumetik bik ez dute babesik sentitzen lan egiten duten komunikabideetan. Inkestatutako kazetarien erdiak baino gutxiagok du beren komunikabideetako protokoloaren berri, eta hirutik batek daki zein den protokoloaren edukia. 

Jazarpenak eragindako ondorio profesionalak ere larriak direla azaldu dute. Emakume kazetarien %63,2k adierazi dute autozentsura egin dutela jazarpena jasan dutenetan. Hau da, euren lana eta jarduera mugatzen dituztela beldurragatik.

Ikerketaren emaitzek emakume kazetariek sektorean jasaten duten diskriminazioa eta jazarpena egiturazko arazoak direla erakutsi dute. Aldaketa eta hobekuntzak eskatu dituzte, batez ere salaketa-kanalen fidagarritasunean, prebentzioaren prestakuntzan eta egitura berdintzaileagoak sortzerako orduan.