argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako demos soberanoa jaioa da
  • Kataluniako procés-a demos soberano baten eraikuntza izan da. Manifestazioz manifestazio, botoz boto taxutu dute herri burujabe baten etorkizuna. Horrelako bideek baina, une fundatzaile sinboliko bat behar dute herria kohesionatu eta trinkotzeko. Hori izan da urriaren 1a. Historiarako geratuko da egun honetan Kataluniako subjektu soberanoaren aurkezpena nazioartean.

Asier Blas Mendoza @AxiBM 2017ko urriaren 02a

Katalan herriak, Generalitat-arekin koordinatuta, sekulako antolaketa eta heldutasun maila erakutsi du autodeterminazio erreferendum bat eratzeko orduan. Espainiako Estatuaren erantzun autoritario eta biolentoaren aurrean, herritarrek gizalegezko erantzun demokratiko bat eman eta hautestontziak defendatu zituzten. Salbuespen egoeran buruturiko erreferendum batentzat partaidetza oso altua izan da. Horregatik, atzoko borroka katalan demokratek irabazi zuten, errepresioaren irudiak eta botoak lortu dituzte nazioarteko esparru publikoan hautsak harrotuz.

Alabaina, Kataluniak bizi duen eskubide demokratikoen urraketa nazioartekotzeko borroka ez da amaitu. Aldebakarreko independentzia aldarrikapena eta greba orokorra tresna garrantzitsuak izan daitezke Espainiako Gobernua presionatzeko. Ez da izango sezesio prozesuaren amaiera, Kataluniak oraindik ez du indar nahikorik indarkeriaren monopolioa eskuratu eta nazioarteko aitortza erdiesteko gradu batean edo bestean. Bi baldintza horiek izan gabe ez da bideragarria sezesioaren arrakasta. Katalunia herrialde aberats bat da eta herritarren gehiengoa ez dago prest goizetik gauera pobretzeko nazioartean oraindik babesten ez den aldebakarreko sezesio batean. Borroka autodeterminazio eskubidea egikaritzeko akordio bat lortzeko da.

Prozesuak ez du atzera-bueltarik. Katalan herria eta Espainiako Estatuaren arteko etena handitu eta sakondu egin da, beraz, ezinbestean konponbide bat topatuko bada berdintasunean oinarrituriko aldebikotasunetik egingo da, bi subjektu soberanoen arteko negoziaketa bidez, alde batetik Katalunia eta, beste aldetik, Espainia. Horretan katalan herriak beste lezio bat ematen ari da munduan: autodeterminazio eskubidea lortzeko estrategia baketsu bat jarri dute martxan eta arrakastatsua izaten ari da. Demos soberano berri bat jaio da munduan, orain demos horrek erakundetzeko duen borondatea erabakitzeko eta gauzatzeko eskubidea erregulatzeko unea iritsi da.