Cop a Cop bastoners dantza taldeko bi kidek Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko dute, 2012ko Diadaren egunean bi preso politikoren argazkiak erakusteagatik.
Marina Bernadóren eta Lola Lópezen irudiak zeramatzaten, 2012ko irailaren 11n, Herrialde Katalanetako ezker independentistak egindako ekitaldi batean. Haiek irudiak eutsi bitartean, bi pertsona igo ziren oholtzara eta Europar Batasuneko banderari su eman zioten.
Bernadó eta López Frantziako Estatuan daude preso, ETAko kideak izatea leporatuta.
Cop a Copeko taldekideen arabera, espetxeratuen giza eskubideak defendatzeko atera zituzten irudiak, ez “terrorismoa goratzeko”, Auzitegi Nazionalaren txostenak dioen bezala. Bi aldarrikapen nagusi egin nahi zituzten erretratuak erakusten: dispertsioa salatzea eta Euskal Herriarekiko elkartasuna adieraztea.
Fiskalak 2 urteko kartzela zigorra eskatu du eta zortzi urteko gaitasun-gabetzea. Horrez gain, buruko 3.000 euroko isuna ere ezarri nahi die.
Bartzelonatik Madrilera
Urtarrilaren 23an epailearen aurretik pasa ziren bi auzipetuak, Bartzelonako Justiziaren Hirian. Epaileak, baina, auzia Audientzia Nazionalaren esku uztea erabaki zuen.
Elkartasunez jokatzen dutenekin, elkartasuna
“Solidaritat amb els solidaris” (Elkartasunez jokatzen dutenekin, elkartasuna) lelopean babes kanpaina hasi dute Kataluniako hainbat gizarte eragilek. Epaiketa “kriminalizazio saiakera” dela uste dute.
Herritarrei dei egin diete ekimenari atxikimendua emateko. Era berean, webgunean zintzilikatu dute ‘elkartasun kartela’, jendeak argazkia egin dezan, afixa eskutan duela.
Twitter kontua ere ireki dute, prozesuaren berri eman asmoz: @Bastonsolidaris.
Bideoan Diadaren egunean egindako ekitaldia ikus daiteke, baita auzipetuek epaiketaren inguruan duten iritzia ere: