argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako CDRen aurkako polizia operazioa: zortzi atxilotu
  • Espainiako Auzitegi Nazionalak astearte goizean CDRen aurkako operazioa abiatu du. Guardia Zibilak bi lagun atxilotu ditu Nació Digitalek informatu duenez. "Terrorismoa, sedizioa eta matxinada" egozten diete, El Confidencialen arabera. Aste Santuan errepideak eten edo ordain-sarietan barrerak altxatzearen ekintzekin lotura izan dezakete. Esquadra Mossoek beste sei atxilotu dituzte.

2018ko apirilaren 10

Fiskaltzak duela astebete iragarri zuen Errepublikaren Defentsarako Batzordeak (CDR) egiten ari ziren errepide mozketak matxinada, diru publikoaren erabilera okerra eta ordena publikoaren aurkako delitu izan zitezkeela. Eta asteartean operazioa hasi da.

Guardia Zibilak emakume bat atxilotu du Viladecans herrian, "CDRen koordinadora" gisa izenpetu dute Espainiako hedabideek, La Directan irakur daitekeenez. Beste gizon bat atxilotu dute Esplugues herrian "matxinada eta terrorismoa" egotzita, Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatuta.

Aldi berean, Esquadra Mossoek baieztatu dute beste sei pertsona atxilotu dituztela. Hauei egozten zaie urtarrilaren 30ean, CDRek Kataluniako Parlamentuaren zitadelan sartu izana polizia lerroa hautsita. Sei hauetako bi, Maresmeko La Forja Joven erakundeko militanteak dira.

Matxinadarekin lotutako delituak 15 eta 25 urte bitarteko kartzelaz zigortzen dira Espainiako legearen arabera.

Operazioa agindu duen epailea Diego de Egea y Torrón da.