argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako buruzagi politikoen aurkako zigorrak berrikusiko ditu Espainiako Konstituzio Auzitegiak
  • Hamabi buruzagi independentistetatik bederatzik jarritako helegiteak tramitera onartu dituzte.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 07a
Espainiako Auzitegi Konstituzionala

Auzipetu independentistek jarritako helegiteek auzitegiaren doktrinarik ez duen oinarrizko eskubide baten inguruko arazoak planteatzen dituzte, edo eskubide horren alderdi bati eragiten diote. Hala bada, Kataluniako buruzagi independentisten aurkako auziko zigorrak berrikustea erabaki du Espainiako Konstituzio Auzitegiak, osoko bilkuran hala egitea aho batez onartu ostean.

Zigortutako hamabi buruzagietatik bederatzik aurkeztutako helegiteak tramitera onartu dira. Bederatzi helegite horiek ondokoenak dira: Dolors Bassa, Jordi Turull, Josep Rull, Joaquim Forn, Carles Mundo eta Meritxell Borras kontseilari ohiena, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiarena, Jordi Sanchez ANCko presidente ohiarena eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentearena.  

ERCko buru Oriol Junquerasen eta Raul Romeva kontseilari ohiaren helegiteak onartzear daude. Junqueras eta Romevak ez zituzten onartu auzitegiko hamabi magistratuak, independentismoaren aurkako iritzi ideologikoak zituztela argudiaturik.

Hamabigarren auzipetuak, Santi Vilak, ez du helegiterik jarri.