argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako buruzagi politikoak, hirugarren gradutik gertu
  • Espetxeetako tratamendu batzordeek hirugarren gradua onartu diete preso independentistei. Hirugarren gradua lortzeko, beharrezkoa da Generalitateko Justizia Kontseilaritzak erabakia berrestea, eta ondoren, Espainiako Auzitegi Gorenak onartzea.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 02a
Buruzagi independentisten askatasuna aldarrizkatzeko manifestazioa Bartzelonan, 2018an (Argazkia: Toniher)

Jordi Turull, Oriol Junqueras, Dolors Bassa, Raul Romeva, Josep Rull, Joaquim Forn, Carme Forcadell, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart preso dauden espetxeetako tratamendu batzordeek ostegunean erabaki dute presooi hirugarren gradua ezartzea. Abenduan bigarren gradua eman zieten, eta Zigor Kodeko 100.2 artikuluaz baliatuta, espetxetik ateratzeko baldintzak arindu zitzaizkien; ordutik, presoei espetxetik irteerak egitea ahalbidetzen zaie zenbait arrazoirengatik (lana, senideen zaintza…).

Hirugarren graduan egotera igaroz gero, lotara soilik joan beharko lirateke espetxera, eta hori ere ekidin ahalko lukete 86.4 artikulua ezarriz gero. Alabaina, hirugarren gradura bidean beharrezkoa da Generalitateko Justizia Kontseilaritzak erabakia berrestea; bi hilabeteko epea du horretarako.

Behin hirugarren gradua onartuta, Espainiako Auzitegi Gorenak du azken erabakia, eta helegitea jartzeko aukera egonen da. Litekeena da fiskaltzak helegitea jartzea, eskatu izan baitu presoei hirugarren gradurik ez onartzea zigorraren erdia bete arte.