Oriol Junqueras, Raül Romeva, Josep Rull eta Jordi Turull politikarien kargugabetzeak Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna urratu zuela ondorioztatu du NBEk.
Oriol Junqueras, Raül Romeva, Josep Rull eta Jordi Turullek jarritako salaketari buruzko txostena argitaratu du Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak. Hain zuzen ere, 2018an kargugabetu zituzten Junqueras presidenteorde ohia eta Romeva, Rull eta Turull kontseilari ohiak, 2017ko erreferenduma antolatzeagatik matxinada delitua egotzita. 2017ko abenduko hauteskundeetan hautatu zituzten Kataluniako Parlamentuko diputatu.
Batzordearen arabera, politikari independentistak kargugabetzeko erabakia ez zen arrazoizkoa eta objektiboa izan. Kontrara, arbitrarioa eta inpartzialtasun bermerik gabekoa izan zela ebazten da txostenean. Izan ere, matxinada egotzi bazieten ere sedizioagatik kondenatu zituzten –indarkeriarekin lotzen ez den delitua–, eta kasu horretan legeak ez du kargugabetzea aurreikusten.
2019an, dagoeneko, Junqueras, Jordi Sancez, Romeva, Rull, Dolors Bassa, Joaquim Forn eta Jordi Cuixart berehala askatzeko eskatu zuen batzorde bereko Atxilotze Arbitrarioen aurkako lantaldeak.