argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako bost preso politiko berriz espetxeratuko dituzte, Espainiako Auzitegi Goreneko Fiskaltzaren errekurtsoaren ostean
  • Bertan behera geratu da Oriol Junqueras, Raül Romeva, Joaquim Forn, Jordi Sánchez eta Jordi Cuixarten baldintzapeko askatasuna.

Mikel Eizagirre 2020ko uztailaren 29a
Kataluniako preso politikoak espetxetik irteten.

Iragarri bezala, Espainiako Auzitegi Goreneko Fiskaltzak Kataluniako preso politikoei onartutako hirugarren graduaren aurkako helegitea aurkeztu du. Bertan, buruzagi independentistak bigarren graduan sailkatzeko eskatu du. Ondorioz, espetxe-zaintzako epaitegiak Oriol Junqueras, Raül Romeva, Joaquim Forn, Jordi Sánchez eta Jordi Cuixarten askatasun partziala atzera bota du.

Uztailaren 29 honetan bertan Bartzelonako Fiskaltzak eskatutako kautelazko neurriari erantzuten dio erabakiak, eta independentistei emandako hirugarren graduari eragingo dio.

Fiskaltzak uste du hirugarren graduak preso politikoei eta gainerakoei "inpunitate sentsazioa" emango liekeela, eta "Zigor Legearen aplikazioan desberdintasuna" eragingo lukeela. Gainera, "damu falta" ere Fiskaltzak argudiatutako beste arrazoietako bat izan da. Bere aburuz, "espetxeratuek zigorra eragin duten gertakariak delitu ez direla sinesten dute". Hori frogatzeko, Junquerasek joan den astean telebistan eman zuen elkarrizketa erabiltzen dute, non "egindakoaz harro" dagoela esaten duen.