argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako Auzitegi Nagusiak atzera bota ditu Mas, Ortega eta Rigauren errekurtsoak
  • Hiru auzipetuek “erresistentzia kontzienteki” egin zutela iritzi du auzitegiak. Epaileek ontzat eman dute auzipetze prozesuarekin jarraitzea.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko irailaren 16a

2014ko azaroaren 9ko galdeketari ezarritako debekuari Konstituzio Auzitegiak “erresistentzia kontzienteki” egin ziotela iritzita, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak ontzat eman du Artur Mas, Joana Ortega eta Irene Rigauren auzipetze prozesuarekin jarraitzea.

Kataluniako Auzitegiaren arabera, “Kataluniako gobernu legezko eta demokratikoko presidenteak eta bi kidek ez zioten men egin estatuko auzitegi gorenenari”. 2014ko azaroan Generalitateko presidentea zen Mas, eta presidenteordea eta hezkuntza kontseilaria ziren Ortega eta Rigau, hurrenez hurren. Epaileen arabera, “parekorik ez duen kasua da Espainia nahiz inguruko herrialdeetako jurisprudentzian”.

Mas, Ortega eta Rigauk “arrazoi politikoengatik epaituak” izan zirela argudiatuta ezarri zuten errekurtsoa. Auzitegiaren arabera, baina, auzipetze prozedura ez da zabaldu “Generalitateak konpetentziak izan gabe galdeketa deitu zuelako, ezta hura boluntarioen bidez aurrera eraman zuelako ere, Auzitegi Konstituzionalari entzungor egiteagatik baizik”. Hala, “auzitegiek autoritate printzipioa demokratikoki defendatzeko beharra” dutela azaldu dute, “jardun publikoa duintasunez betetzearekin batera”.

Auzitegiaren erabakiaren desados agertu da Joana Ortega. Kataluniako presidenteorde ohiak bere Twitter kontuan azaldu duenez, “jendeari iritzia ematea ahalbidetzeak ezin du delitua izan”. Bere aldetik, Espainiako Justizia ministro Rafael Catalák uste du fiskaltza independenteki ari dela gai honetan. Aldiz, Carles Mundó Generalitateko Justizia kontseilariak “estatuak egiten duen judizializazio politikoa” gaitzetsi du.

Balizko erreferendumerako babes bila

Bien bitartean, independentzia prozesuan aurrera egin nahian dabil Kataluniako gobernua. Hala, Carles Puigdemontek erreferendum bat egiteko asmoa azaldu du, betiere ere “egingarria, loteslea eta integratzailea” bada. Ez du aipatu galdeketa horrek estatuarekin hitzartua izateko derrigortasuna duenik.

Ara egunkariak dakarrenez, Generalitatea agertoki guztiak kontutan ari da lanean, baita Espainiako Gobernuarekin hitzartu gabeko erreferendumean ere. Bide horretan, langile publikoak nola babestu da duen kezkarik nagusienetakoa.

Azaroaren 9ko galdeketarekin alderatuta, bi ezberdintasun nagusi izango lituzke 2017ko ekain edo uztailerako aurreikusten duten erreferendumak: loteslea izatea, eta administrazioak aurrera eramatea, ez boluntarioek. Horretarako beharrezkoa da Espainiako legeditik irtetea, eta igarokortasun juridikoaren legea onartu beharko litzateke Kataluniako parlamentuan. Hala, lege hori onartu eta kontsultara deituta, erantzukizun guztia politikarien bizkar geratuko litzateke, funtzionarioak salbuetsiz.