argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako Autodeterminazioaren eta Amnistiaren Aldeko Akordio Sozialak manifestua aurkeztu du
  • Gatazka politikoa konpontzeko bidean, herritarrei mobilizatzeko deia luzatu diete dokumentuaren izenpetzaileek. Aurkezpenean parte hartu dute Kataluniako alderdi subiranista guztiek, eta hamarnaka gizarte eragilek.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko apirilaren 21a

"Egoera ilunen dagoenean aktibatu behar dugu gehien". David Fernandez CUPeko parlamentari ohi eta Akordio Sozialaren sustatzaileetakoaren hitzak dira, apirilaren 20an zabaldurikoak. Egun horretan aukeztu dute Barzelonan Amnistiaren eta Autodeterminazioaren Aldeko Akordio Sozialaren manifestua. Kataluniako alderdi subiranista guztiek eta hamarnaka gizarte eragilek babesturiko dokumentua da.

Kataluniaren autodeterminazio eskubidearen alde eta Kataluniako prozesu independentistaren harira jazarriak izan diren "3.000 lagunen baino gehiagoren" amnistiaren alde, "ahalik eta babes sozialik handiena" bildu nahi dute. Babesa biltzen ariko dira irailaren bukaera arte. Urriaren 1ean aurkeztuko dute "plurala eta bateratua" nahi duten dinamika, hots, Kataluniako independentzia erreferendumak bosgarren urteurrena betetzen duenerako.

Egitasmoa iazko udan hasi zuen talde eragile ttipi batek. Talde horretako kide dira, besteak beste, Carme Forcadell, Fernandez eta Joaquim Forn Kataluniako Barne kontseilari ohia. Gizarte eragile andanaren ekarpenak jaso ondoren adosturiko manifestua da atzo plazaraturikoa.

Espioitza programari buruzko azalpenak: "kontraproduktiboak"

Espainiako Gobernuak Pegasus espioitza programari buruz emandako esplikazioak "eskasak izateaz gain, erabat kontraproduktiboak dira gutxieneko konfiantza berreskuratzeko", Kataluniako Gobernuko lehendakari Pere Aragonèsen arabera. "Gardentasuna" eta "esplikazioak" eskatu dizkio Espainiako Gobernuari, Europa press agentziari eskainitako elkarrizketaren bidez.

Programa hori 2010 eta 2015 urteen artean erosi eta erabilia izan da 65 bat buruzagi independentistaren sakeleko telefonoak zelatatzeko, gehienak katalan politikariak.  Isabel Rodríguez Espainiako Gobernuko bozeramaileak azpimarratu du gobernuak ez duela zerikusirik auziarekin, eta Espainian ez dela zelatatzen auzitegien baimenik gabe. Hala ere, galdetuta CNIk baduen zerikusirik gaiarekin, erantzun du ezin duela horri buruz hitz egin, horrek "estatuaren segurtasunari eragiten" diolako.