argia.eus
INPRIMATU
Espetxeratu egin dituzte terrorismoa egotzita CDRetako zazpi kide
  • Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Manuel García Castellonek ebatzi du Kataluniako CDRetako zazpi atxilotuak espetxera bidaltzea, terrorismoa egotzita. TV3k zabaldu duenez, leherkariak izatea eta matxinada delituak baztertu ditu fiskaltzak. "Denak aske izan arte, har dezatela su kaleek", adierazi dute CDRek 20:00etarako Sabadellen eta beste hainbat hiritan manifestazioak deitzearekin batera.

     

ARGIA @argia 2019ko irailaren 26a

Honenbestez, epaileak Miguel Angel Carballo fiskalaren eskaerari men egin dio. Bere hitzean gertaerak "larriak" ziren eta espetxeratu beharra zegoen buruan zituzten planak burutu ez zitzaten edo frogak suntsitu ez zitzaten.

Astelehen goizeko 7:30ean heldu dira zazpi atxilotuak Auzitegi Nazionalera, Guardia Zibilaren Tres Cantos-eko polizia etxetik zuzenean. Auzitegiaren kanpoaldean, atxilotuen senide eta lagunak, CDRetako kideak eta EH Bildu, JxCat, ERC eta CUP alderdietako ordezkariak zeuden atxilotuei babesa helarazten. Polizia Nazionalak hainbat pertsona identifikatu ditu auzitegiaren inguruan.

Matxinadarik ez, leherkaririk ez

TV3k zabaldu duenez, atxilotuen abokatuak diren Alerta Solidariako abokatuen iturriak aipatuz, fiskalak matxinada eta leherkariak izatearen delituak baztertu ditu. Astelehenean, atxiloketen ondoren, fiskaltza bera izan zen miaketetan lehergailuak egiteko “erabili daitezkeen” osagaiak aurkitu zirela adierazi zuena. Atxilotuak epe laburrean ekintza terroristak burutuko zituztenaren inguruko “ziurtasuna” azaldu zuen ere.

Ustezko bi autoinkulpazio

Filtrazioek ez dute etenik, sumarioa sekretupean egonik ere. Espainiako hainbat komunikabidek argitaratu dutenaren arabera, atxilotuetako bik Guardia Zibilaren aurrean deklaratu dute “ekintza biolentoak” prestatzen aritu direla, pertsonei kalterik egiteko asmorik gabe beti ere.

Alerta Solidariako abokatuek nabarmendu dute bi atxilotu horiek direla ofiziozko abokatuak izan dituzten bakarrak, eta sei eta zortzi ordu artean izan dituztela deklarazioa hartzen modu jarraian. Atxilotuei asistentzia juridikoa eskaini ahal izateko Guardia Zibilak jarritako trabak ere salatu ditu Alerta Solidariak.

 

Mossoen atxiloketak

CDRetako bederatzi kideen atxiloketek Kataluniako politika astindu dute. Testuinguru honetan, Kataluniako poliziak ere atxiloketak egin ditu.

Asteazken gauean mossoek Vilanova i la Geltrú-ko CDRko kide bat atzeman dute, eta polizia etxera eraman. Polizia iturrien arabera, 2018ko urriaren 1eko gertakariekin du lotura atxiloketak. Egun hartan, erreferendumaren urteurrena gogoratzeko mobilizazio nagusien ostean, hainbat manifestarik Kataluniako Parlamentuaren atera hurbildu ziren, eta tentsio une batzuk izan ziren.

Ostegun goizean, ezker independentistako Arran Jovent antolakundeak mossoek Sant Andreu del Palomar-en bere militante adingabe bat atxilotu dutela salatu du.