argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako alderdiek A9ko kontsultarekin aurrera jarraitzea erabaki dute
  • CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUPek Kataluniako azaroaren 9ko kontsultarekin aurrera jarraitzea erabaki dute, goizean Generalitatean Artur Masek deitutako bileran hiru ordu iragan ondoren. 18:00etan bilerarekin jarraituko dute kontsultaren gainerako xehetasun guztiak behar bezala lotzeko.

ARGIA @argia 2014ko urriaren 03a
Kataluniako alderdi soberanisten ordezkariak ostiralean bildu dira.

Arratsaldeko lehen orduetan eman du berria Francesc Homs gobernu bozemaileak eta kontsultarekin jarraitzeaz gain, kontsulta behin-behinekoz bertan behera uzteko agintua altxa dezala eskatu diote Espainiako Konstituzio Auzitegiari, "gutxienez Espainiako Gobernuak eskatutako suspentsioari baietza eman zion azkartasun berdinaz". 

Artur Mas lehendakaria, Joana Ortega lehendakari ordea eta Francesc Homs bozemailea egon dira gobernuaren aldetik; Oriol Junqueras eta Marta Rovira ERCtik; Jordi Turull eta Ramon Espadaler CiUtik; Joan Herrera eta Joan Mena ICVtik; eta David Fernàndez eta Quim Arrufat CUPetik.

Ostiral arratsaldean bukatuko ez balute, asteburuan bilkurarekin jarraitzeko asmoa erakutsi dute.

Bilerak ikusmin handia piztu du, alderdietako buruzagien azken egunotako adierazpenak ikusita, orain arte mantendutako batasuna auzitan zegoelako.

ERCk adierazi zuen Mas kontsulta egitearen posiziotik urruntzen ari zela; CUPek desobedientziarako dei garbiarekin jarraitu du eta David Fernandezek adierazia zuen Masek gaur plebiszitu hauteskundeen gaia mahai gainean jartzen bazuen berak alde egingo zuela.

Uniók kontsulta bertan behera utzi behar zela, ICV isilik... Azkenean, kontsultarekin aurrera jarraitzea erabaki dute eta orain ordura arteko bidea nola egin eztabaidatzen jarraitzen dute.