Aldebakarreko bideetan ez duela sinesten erantzun du Iñigo Urkullu lehendakariak astearte goizean SER katean Kataluniari buruz galdetu diotenean.
“Egingo den edozein adierazpen, Estatuarekin negoziatuz eta elkarrizketatua izan behar da, elkarrizketak aldebikotasuna bilatu behar du”.
Urkulluren ustez Kataluniako gizartea argi mintzatu da “eta orain gobernua eratu behar da”. Argi hitz egin behar dela esan du lehendakariak “eguneroko bizitza dago, honek errealitatea islatzen du eta hau ez da gauetik egunera apurtzen”.
Esan duenez, Artur Mas saiatu da elkarrizketaren bidez akordioa lortzen Madrilekin, baina Kataluniaren kasuan “espainiar agintariek ez dute inongo inteligentziarik izan” hango egoera bideratzeko. Hala ere, azpimarratu du bera ez dela aldebakarreko erabakien aldekoa, hauek “ez baitira onuragarriak gizartearentzat” eta berak “aldebikotasunean oinarritutako ituna” defendatzen duela.
Mariano Rajoyk elkarrizketarako duen gaitasun eskasa kritikatu du. “Espainiak David Cameron moduko lehendakaria behar du, nazionalitate bateko lehendakari batekin akordiora iritsi daitekeena, kontsulta bideragarri egin, begirunez jokatu eta irtenbideak eskaintzeko”.
Atzo EH Bilduk aurkeztutako kontsulta legea dela eta, Urkulluren esanetan “Euskal Herrian ez da Kataluniako moduko egoerarik bizi”, eta EH Bilduren proposamena gehiago ulertu behar dela haien “barne egoera edo hauteskunde” klabean, "Legebiltzarreko Autogobernuko Lantaldetik kanpo aurkeztu baita”.