argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako 80 alkate salatu ditu estatuak, Espainiako bandera ez jartzeagatik
  • Kataluniako dozenaka udalen aurkako 270 helegite aurkeztu ditu Espainiako Gobernuak 2011tik, horietako 80 Espainiako bandera jartzeari uko egiteagatik.

ARGIA @argia 2014ko maiatzaren 05
'Senyera' eta herriko bandera, Vilassar de Dalteko Udalean. (Argazkia: El PeriĆ³dico)

100 helegite inguru “subiranotasun fiskala” onartu duten udalen aurka jarri du Espainiako Estatuak, Angels Piñol kazetariak El País egunkarian jaso duenez. PFEZaren eta BEZaren ordainketak zuzenean Kataluniako Zerga Agentzian egiten dituzte Udal horiek –Ogasunari ordaindu beharrean–, eta Generalitatea da ondoren Espainiari ordaintzen diona.

60 helegite “lurralde libre eta subirano” izendatu diren udalen aurkakoak dira, eta beste 35 Independentziaren aldeko Udalerrien Elkartearen (AMI) kuotak ordaindu dituzten udalen aurkakoak. Kataluniako 947 udaletatik 692k egin dute bat AMIrekin, eta 41 eskualde-kontseiluetatik 38k.

AMIk nabarmendu duenez, udalerri txikienek 75 euroko kuota ordaintzen dute urtean: “Kopuru izugarri txikia da, alderatzen badugu Estatuaren makineria judizial osoa martxan jartzeak dakarren gastuarekin”.

Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkari Maria de los Llanos de Lunaren bulegoak aurkeztu ditu helegiteak. Kataluniako Parlamentuak hura kargutik kentzeko eskatu zuen duela urtebete, eta Gironako Udalak “persona non grata” izendatu du.

Legeak zehaztutakoaren arabera jokatzen duela dio Llanos de Lunak. Batetik, 1981eko Banderen Legea gogora ekarri du; bestetik, instituzioei haien eskumenekoak ez diren kontuetan diru publikorik ez inbertitzea eskatu dieten Auzitegi Nagusiaren bi sententziak.

Banderen legeari eta AMIren kuotei dagokienez, Estatuaren abokatuek uste dute aukera handia dagoela epaileek helegiteak onartzeko. Aitzitik, “subiranotasun fiskalaren” eta “lurralde libre eta subirano” izendapenaren kasuetan gauzak ez daude hain argi, aditu batzuen hitzetan izaera politikodun mozioak direlako eta, hortaz, efektu juridikorik ez dutelako.

AMIk nabarmendu duenez, Estatuak aurkeztutako 24 helegite atzera bota dituzte jada epaileek. Horietako 9 subiranotasun fiskalaren ingurukoak ziren.