argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako 196 pertsona inputatu dituzte Tsunami Democratic-en mobilizazioetan mugako errepidea mozteagatik
  • “Desordena publikoak” eta “kalteak” egozten zaizkie ikertutako ia 200 pertsonei, eta datozen hilabeteetan deklaratu dezaten agindu du magistratuak.

Mikel Eizagirre 2020ko uztailaren 23a

196 pertsona inputatu dituzte azaroan Tsunami Democratic-ek Frantziar eta Espainiar Estatuen arteko mugan egindako errepide mozketaren ondorioz. La Jonquerako AP-7 autobidearen blokeoa ikertzen ari den Figueresko epaileak ia 200 pertsonarengan jarri du begia. Protesta batengatik auzi batean sekula ikusi gabeko neurria da.

Diario.es egunkari digitalak eskuratu duen autoan ageri denez, epaileak Mossos d´Esquadren eta Guardia Zibilaren txostenetan oinarrituta hartu du erabakia. Tsunami Democratic mugimenduak antolatutako AP-7ko mozketak 24 ordu iraun zuen, eta Frantziako jendarmeriaren eta Mossos d´Esquadren artean hustu zuten, istilu larririk gabe. Dena den, poliziak hemeretzi pertsona atxilotu zituen bertan.

Auzi kolektiboa

Epaileak ez du protestan ikertutako pertsona bakoitzaren jarrera zehaztu. 196 auzipetuei gertaera orokorren egiletza egotziko zaie, hau da, muga ia egun batez moztea. Epailearen arabera, 1.200 lagun bildu ziren protestan, eta, beraz, parte-hartzaileen %16 baino ez dira ikertzen ari. Epaileak azaldu duenez, ikertuek "erantzun" egin zioten Tsunami Democratic-en deialdiari, eta AP-7 errepidea itxi zuten La Jonquera parean, "pertsonen eta merkantzien joan-etorri askea eteteko". Epailearen arabera, horiek guztiak Tsunamiak "antolatu eta koordinatu" ditu, “komunikatzeko kanal propioen" bidez, hala nola, kolektiboaren aplikazioarekin, sare sozialekin zein Telegram bidez.

Delituak

Ikertutako guztiek, instrukzio epailearen arabera, "barrikada moduko hesiak” egin zituzten autobidean. Horretarako, epailearen arabera, manifestariek zeramatzaten objektuez gain, "bideko elementu finkoak" erabili zituzten, hala nola, “metalezko segurtasun-hesiak, zuhaitz-enborrak eta hormigoizko blokeak". "Eszenatoki bat ere muntatu zen bidearen erdian, bozgorailuekin, argiztapenarekin eta abarrekin, eta bertan, bertaratutakoei harengak eta kontzertuak egin zitzaizkien gau osoan eta goizaldean, besteak beste", esan du epaileak delitu-zantzuak azaltzerakoan.

Antolaketa logistikoa

Gainera, epailearen arabera, "nolabaiteko antolaketa logistikoa” egon zen, mozketak iraun zezan. Janaria eta edaria eman zieten bertaratutakoei, "baita konketa mugikorrak ere", eta kanpin-dendak jarri zituzten gaua pasatzeko. "Mozketaren ondorioz, liskarrak izan ziren salgaien garraioko gidariekin eta beste zenbait erabiltzailerekin", ondorioztatu du epaileak, eta auto berean mosso bat ere inputatu du manifestariei lesioak eragiteagatik. Horrez gain, Acesa autobideen patronalari, Espainiako Garraio Elkarteen Federazio Nazionalari eta Salgaien Garraioaren Espainiako Konfederazioari auzian akusazio partikularra egitea eskaini die.