argia.eus
INPRIMATU
Kataluniak Lituania eta Letonian jaso duen babesa eten nahi du Madrilek
  • José Manuel García-Margallo Espainiako Atzerri ministroa Lituania eta Letoniako enbaxadoreekin bildu da gaur, bi herrialdeetako lehen ministroek Kataluniako mugimendu independistari adierazi dioten babesa dela eta.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko irailaren 16a

VilaWeb-en arabera, Margalloren ekimenez antolatu dira bilerak, enbaxadoreek lehen ministroen adierazpenek zergatik eta zein testuingurutan egin ziren azaltzea nahi baitu. 9:30etan bildu da ministroa Lituaniako ordezkariarekin; Letoniakoarekin 12:30etan.

Letonia

Diadaren ostean, Letoniak Katalunia independentea aitortuko lukeen galdetu zioten herrialdeko lehen ministroari. Hala erantzun zuen: “Prozesuak zilegitasun osoa badu, teorikoki hitz eginez, zergatik ez?”.

Valdis Dombrovskis lehen ministroak ACN agentziari egindako adierazpenetan adierazi zuen Via Catalana “oso mezu indartsua” izan zela eta beharrezko ikusten zuela kasu egitea. Bere ustez Espainiako Gobernuak aukera ezberdinak aztertu behar lituzke Kataluniako independentisten eskaerak aintzat hartzeko.

Lituania

Lituaniari dagokio orain Europar Batasunaren txandakako presidentetza. Bertako lehen ministro Algirdas Butkeviciuk ere adierazpenak egin zituen ‘Via Catalana’ ekimenaren harira.  “Ongietorriak dira herrien elkartasuna eta autodeterminazioa aldarrikatzeko ekimen baketsu guztiak”. Bere hitzetan, herrialde guztiek dute erabakitzeko eskubidea, eta beren bide propioa egitea dagokie.