argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako auzia “marra gorririk gabe” negoziatzea nahi du Europako Batzordeak
  • Kataluniak Espainiaren eta Europar Batasunaren barruan jarraitzea bermatuko duen akordioa lortzeko, "pentsalmolde irekiarekin eta marra gorririk gabe negoziatu" dezatela eskatu die bi gobernuei Europako Batzordeko lehendakariorde Viviane Reding-ek.

ARGIA @argia 2014ko otsailaren 24a
Europako Batzordeko lehendakariorde Viviane Reding-en esanetan, Kataluniaren eta Espainiaren arteko haustura \"ez litzateke inorentzat onuragarria\" izango.

Redingen esanetan, Kataluniaren eta Espainiaren arteko haustura "ez litzateke inorentzat onuragarria" izango eta bere ustez, "onena akordio berri bat litzateke" Europar Batasuneko kide den Espainiako Estatuaren eta bertako nazio edo erkidegoen artean. La Vanguardia egunkariari eskaini dion elkarrizketan zein motatako akordioa behar lukeen ez du zehaztu, baina Estatua zatikatzea saihesteko "ahal den guztia" egin behar dela azpimarratu du.

"Aniztasunean batuta" dagoen Europa baten alde egin du lehendakariordeak, nazioen "kultura zainduko" duen Europaren alde, hori baitu "aberastasun". Aldi berean, ordea, gogoratu du "Europa osoa ahots bakarrarekin hitz egiten saiatzen" ari dela.

Katalunia Europar Batasunean

Kataluniak Espainiarengandik banantzea lortuko balu, Europar Batasunean sartzea eskatu beharko luke berriro ere, Redingek adierazi duenez. "Kataluniarren sentimenduak" ulertzen dituela dio, "haien bihotzetan dagoena", baina "legea oso argia da", EBren Itunak baitio Estatu kideei dagokiela barne funtzionamendua antolatzea.

Herri-galdeketan EBk zeresanik ez

Herri-galdeketaz ere galdetu diote Viviane Redingi, eta erantzun du herritarrek libreki adierazteko duten eskubidea "errespetatzen" duela. Baina nabarmendu du Kataluniako Gobernuak deituriko erreferenduma "%100 nazioaren eta estatuaren kontua" dela, eta ondorioz Europar Batasunak ez duela horren gainean iritzirik eman behar.