argia.eus
INPRIMATU
Larrialdi egoera ezarri dute Katalunian bere historiako lehorterik okerrenagatik
  • Ter eta Llobregat ibaietako ura heltzen den zonaldeetan ezarri du Generalitateak larrialdi-egoera. Lehortea bereziki gogorra da Bartzelonako eskualdean, Gironako eremu zabaletan eta Costa Bravan: urtegietako ur-maila edukieraren %15,8an dago, alerta gorena ezartzen den mailatik (%16,3) behera. Aplikatuko diren hogei neurriek 202 udalerritan izango dute eragina, ia 6 milioi lagunengan.

Jon Torner Zabala @jtorner 2024ko otsailaren 01

Ostiralean jarriko dira indarrean lehorteari aurre egitea helburu duten neurriak. Besteak beste: udal deposituetan bildutako ur kopurua mugatuko da; baita laborantza, industria edota aisialdirako baliatzen dena ere; udalek aukera izango dute etxeetako ur kontsumoa mugatzeko; hirietako eraikin, zoru eta gainerakoak –publiko zein pribatuak– ezingo dira ur edangarriarekin garbitu; lorategi eta gune berdeak ezingo dira ureztatu –salbuespen batzuekin–; futbol zelai eta antzekoak ureztatu ahal izateko baldintzak are gehiago zorroztuko dira; hondartzetako dutxak ezingo dira erabili; ura baliatzen duen jolas-jarduerarik (apar festak, ur-jolasak, behin-behineko izotz pistak...) ezingo da egin; apaingarri diren iturri edota laku artifizialak ezingo dira bete; eta abar.

Euririk egiten ez badu, Generalitateak adierazi du neurri are zorrotzagoak jarriko dituztela indarrean.

Bartzelonako iturri bat, hutsik, lehortea dela-eta.