Independentziaren inguruko galdeketa egiteko eskumena eskatuko dio Kataluniako Parlamentuak Espainiako Kongresuari. Kontsulta egiteko geratzen den azken zirrikitu legala da CIUk, ERCk eta ICVk aurrera atera dutena. PSCren baitan hika-mika sortu du proposamenaren inguruko bozketak.
Analista politiko gehinen aburuz, Espainiak eskuduntza ukatzen badu, bi bide baino ez dituzte izango independentista kataluniarrek: aurrera segitzea Espainiako estatuaren babesik gabe, ala erreferenduma bertan behera uztea.
Orain, Espainiako Kongresuaren erantzuna jakitea baino ez da geratzen.
Dena den, indepentisten ildo estrategikoa zein den erraz laburbil daiteke, ERCko bozemaile Marta Roviraren hitzei so: "Honen ostean ezezkoa ematen badute, zilegitasun handiagoa izango du independentzia prozesuak".
Espainiako estatuaren teilatuaren gainean pilota uzteko formula gisa ulertzen dute askok kontsulta eskaera.
Gehiengoa, galdeketaren alde
Kataluniako Parlamentuan dauden 135 diputatuetatik 87k egin dute kontsultaren alde (%64,4). Eta zifrak hautsak harrotu ditu.
Izan ere, jakina da CIUk, ERCk eta ICVk hauspotu dutela baimen eskaera eta alde bozkatuko zutela. Era berean, aurreikuspenen barruan sartu zen PPk, PSCk eta Ciutadans-ek kontra bozkatzea ere.
CUPen kasuan, behin baino gehiagotan adierazi izan du alderdiak independetzia nahi duen arren, prozesua ez dela “Madrili baimena eskatzea”, eta abstenitu egin zen.
Formazioen lerro ofizialei dagokionez, beraz, sorpresarik ez. Aitzitik, PSCko hiru kideen jarrerak sortu du hika mika.
Urak ez daude bare PSCn
Hiru parlamentarik alderdiaren boto-disziplina hautsi eta galdeketaren alde egin dute Parlamentuko bozketan. Orain, diputatu akta itzultzeko eskatu die partiduak, baina haiek ezezkoan daude. Ikusteke dago PSCtik kanporatzen dituzten edo ez.
Eztabaida iturri izan da galdeketaren alde ala kontra bozkatu beharko lukeen. Barne ahots askok diote gero estatu propioa babestuko ez balu ere, behintzat kontsulta egitea ahalbidetu beharko lukeela. PSOEko zuzendaritzak, baina, federalismoan lerratu, eta erreferendumaren beharrik ez du ikusi.