argia.eus
INPRIMATU
Kataluniak 2018ko Smithsonian jaialdian “etorkizunari” begiratuko dio “iraganari baino gehiago”
  • Asteazkenean hasi zen AEBetan Smithsonian Folklife jaialdia, Euskal Autonomia Erkidegoa gonbidatu nagusien artean duela. Euskal erakundeek proiektatu duten irudiak eztabaida eragin ostean jakin da 2018an Katalunia izango dela herrialde gonbidatua.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2016ko ekainaren 30
Joaldunak Washingtonen asteazkenean, Smithsonian festibalaren lehen egunean (argazkia: Ronald Villasante / SFF).

La Vanguardia egunkariak Washingtonen bertan hitz egin du Santi Vila Generalitateko Kultura kontseilariarekin. Asteazkenean sinatu zuen Smithsonian Institutionekin konbenioa, datorren urtean Katalunia jaialdiko protagonista izan dadin. "Festibalak munduko nazioen herri kultura aldarrikatzen du eta instituzioak Katalunia gonbidatu du 2018ko edizioan aurkeztera. Aukera bikaina izango da munduan kultura eta identitate katalana proiektatzeko", adierazi du Vilak.

Washingtonen egunotan ikusten ari den euskal kutsuko eskaintzak koadro kostunbrista baten antza dauka egunkari kataluniarraren kronikan:  "Washington DCko National Malletik paseatzen, obeliskoaren eta Washington Monument artean, harrijasotzaile bat agertzen da bat batean. Gero gizon batzuk ikusten dira frontoian palan; harago berriz, tipo batzuk arraunekin eta traineruekin, emakume batzuk arrantzarako sareak josten, benetako baserri bat dago eraiki berria… Sorpresak zorabiatzen du eta beroak estutu; txoko batean pintxoak, txakolina eta Idiazabal gazta eskaintzen dituzte dastatzeko eta pixka bat gehiago izerditzeko".

EAEk aurten eraman duen eskaintzaz galdetuta, CDCko kideak "oso interesgarria" dela adierazi du, baina beraiek bestelako zerbait eraman nahi dutela datorren urtean. "Erakusketarako gure irizpideek gehiago begiratuko diote etorkizunari iraganari baino", azaldu du.