Ostiralean JxCko militanteen %55ak bozkatu zuen Kataluniako Generalitatetik ateratzearen alde, eta 48 ordu eskasean aurkeztu ditu hutsuneak betetzeko diputatu berriak Aragonès presidenteak. Asteartean hartuko dituzte karguak, eta presidenteak ziurtatu du herrialdearen %80 ordezkatzen duela gobernu berriak.
Aurrerantzean ez da Generalitatean gobernatzen izango JxC, ostegun eta ostiralean militanteen artean egindako bozketan erabaki baitute ERCrekin duen gobernu koaliziotik ateratzea. Boto emaleen %55ak egin du Kataluniako Gobernutik ateratzearen alde, eta jarraitzearen alde %42k, eta %1,8k boto zuria eman dute. Parte hartzea altua izan da: 6.465 militantek bozkatu dute (%79).
Laura Borràs JxCeko presidenteak prentsari esan dio Pere Aragonèsen gobernuak "zilegitasun demokratikoa galdu" duela, eta aipatu du "agian" presidenteak ere Kataluniako Parlamentuaren galdeketa bati aurre egin beharko liokeela, haren zilegitasun demokratikoa ere "zalantzan" geratu baita. Ostiraletik oposiziora pasako da JxC –parlamentuko hirugarren indarra izango da, PSCren atzetik–, eta Borràsek azpimarratu du alderdiak "independentziarantz" gobernatu nahi duela, eta "arduraz eta erantzukizunez" jokatuko dutela.
Pere Aragonèsek, ordea, hasieratik argitu du agintean segiko duela: “Presidente gisa, nire helburua da irabazten duena herrialdea izatea. Hori nire ardura da, eta horrexegatik jarraitu behar dugu gobernatzen”. JxCi “arduragabe” jokatzea egotzi dio, esanez herritarrak "bazter utzi" dituztela gobernu koalizioa uzteko erabakiarekin. Ostiralean bertan utzi zuten kargua JxCi zegozkion sei kontseilariek, eta 48 ordu eskasean aurkeztu ditu Generalitateko presidenteak horien lekua –eta irailaren 28an kargugabetutako Jordi Puignerorena– betetzeko kontseilari berriak. Aragonèsen hitzetan, “Katalunia osoa” ordezkatuko dute, alegia, “herritarren %80aren kontsentsua”. ERCkoak eta PSC, CDC eta Podemeko kargudun ohiak dira gehienak. Asteartean hartuko dituzte karguak ondorengo kontseilari hauek:
Natàlia Mas i Guix, Ekonomia eta Ogasun kontseilaria.
Meritxell Serret i Aleu, Kanpo Ekintzetako kontseilaria.
Joaquim Nadal i Farreras, lehen PSCkoa, Ikerketa eta Unibertsitate kontseilaria.
Juli Fernández i Olivares, Lurralde kontseilaria.
Manel Balcells i Díaz, Osasun kontseilaria.
Carles Campuzano i Canadés, lehen CDCkoa, Eskubide Sozialen kontseilaria.
Gemma Ubasart i González, lehen Podemekoa, Justizia, Eskubide eta Memoriaren kontseilaria.
Gainera, Presidentetzako egungo kontseilaria, Laura Vilagrà, gobernuko presidenteordea izango da.