argia.eus
INPRIMATU
Katalunia independentea EBn? Ez hain argi
  • Kataluniak independentzia eskuratuko balu Europako Batasunean  jarraituko luke? Hori da azaroaren 9ko erreferendumari begira egin izan den ohiko galderetako bat, eta ez dago argi.

Xabier Letona Biteri @xletona 2014ko uztailaren 03a
Generalitatea aztertzen ari da Katalunia independenteak EBn izango lukeen lekua.

Espainiako agintariek eta erreferendumaren aurkako indarrek ezetz esan ohi dute, Katalunia kanpo geratuko litzatekeela, banaketaren ondoren eskatu beharko lukeela berriz sarrera eta, lortzekotan, luze joko lukeela. Independentziaren aldekoek beti aipatu izan dute ez legokeela EBn jarraitzeko eragozpenik, baina EBko agintariek ez dutela halakorik aitortzen Espainiarekin  arazorik ez izateko.

Generalitateko Trantsizio Nazionalerako Aholku Kontseiluak azaldu duenez, txosten bat prestatzen ari da EBn sartzeko aukerak nola dauden aztertzeko. Carles Viver Pi-Sunyer Aholku Kontseiluko lehendakariak aitortu duenez, dena den, soberanismoak orain arte saldu izan du Katalunia independentea automatikoki geratuko litzatekeela EBn, baina ez dela horrela. Hala ere, Kontseiluak jarraitzen du pentsatzen EB barruan geratuko litzatekeela eta atera behar izatekotan, oso denbora laburrerako litzatekeela eta berriz sartu artean katalanek ez lituzketela galduko EBko herritar eskubideak.

Aholku Kontseilua orain prestatzen ari den txostenak aztertu ditu EBn sartu ziren azken hiru estatuei eskatu zitzaizkien baldintzak eta uste du Kataluniak dagoeneko betetzen dituela hauek. Baldintzak batez ere politikoak –demokrazia, zuzenbide estatua eta giza eskubideak– eta, ekonomikoak dira –merkatu bideragarria– eta EBren aginduak betetzeko borondatea ere agertu behar da.