argia.eus
INPRIMATU
Katalunia, Europako estatu berria
  • ANCren (Kataluniako Biltzar Nazionalaren) gidaritzapean, ia bi milioi herritarrek Bartzelonako kaleak bete zituzten estatu independente izateko nahia aldarrikatuz. Eguerdian argi adierazi zuen Carme Forcadell ANCko buruak gaurko egunaren garrantzia, “Katalunian inoiz egin den manifestazio jendetsu eta garrantzitsuena” izatea nahi luketela esan zuenean. Baina antolatzaileak ere ezustean harrapatu zituen Bartzelona bete zuen jendetzak.

2012ko irailaren 11
Gaurko manifestazioaren buruak bakarrik hitz egiten du: "Katalunia, Europako estatu berria".

Autonomia Erkidego osotik eta munduko beste hainbat txokotatik hurbildutako ia bi miloi herritarrek egin zuten bat deialdiarekin. Passeig de Gracia inguruko kale guztiak eta handik Legebiltzarrera zuzentzen direnak goraino zeuden manifestazioa seietan abiatu zenean. Horrek nabarmen zaildu zuen “Katalunia, Europako estatu berria” leloa zeraman pankartak aurrera egitea.

Horren atzetik, Kataluniako alderdi nazionalista guztietako ordezkariek egin zuten bidea, talde politiko bakoitza bere leloarekin. Horien artean ziren besteak beste, Josep Antoni Duran i Lleida UDCko burua, Joan Laporta, Joana Ortega Kataluniako Gobernuko presidenteordea, baita Xavier Trias Bartzelonako alkatea ere.

Baina aurtengoa ez da ordezkaritza politikoen Diada izan. Espainia alboan utzi eta estatu propioaren jabe izateko nahiak bultzatuta, jende andanak irentsi ditu politikari guztiak. Antolakuntzak ere ANCko ordezkari nagusiak manifestaziotik atera behar izan zituen atzo, ekitaldiaren gunera hurbil zitezen. Protagonista herria izan zen, ‘estelada’, bandera subiranista, jantzita, kartulina berdeak eskuan eta independentzia gogoan Bartzelonako hamaika kale bete zituen jendetza.

Kalera irtendako gehienak oraindik Via Laietanan behera zebiltzan zortziak aldera, ekitaldi politikoa hasi zenean. Horretarako prestatutako eszenatokian, antolatzaileek ahotsa jarri zioten bakarrik ere nahikoa ozen mintzatu zen herriari eta indarrez galdetu: “Estatu independente izan nahi al dugu? NBEn Kataluniako bandera ikusi nahi dugu?”. Baiezko ozena jaurti zuten airera milaka ahotsek aho batez.

Ekitaldiaren amaieran, Nuria de Gispert Legebiltzarreko presidenteak ANCko hainbat ordezkari jaso zituen eta zoriondu “horrenbesteko arrakasta izan duen manifestazio hunkigarria” antolatzeagatik.

Kataluniako herriak erakustaldia eman dio Espainiari eta munduari, inkesta guztiak zentzugabetu eta batasunean zutituz. Klase politikoak gaurko indar olatua baliatu, edota, uhinak Kataluniako Gobernua hondoratuko duen denborak soilik esango du. Datozen hilabeteak garrantzitsuak bezain labainkorrak izango dira, baina, kataluniarrek, haien desberdintasun eta eztabaidak ahaztu gabe, badakite gaurtik aurrera zein bide jorratuko duten: independentzia.