argia.eus
INPRIMATU
Katalanez irakatsiko duen lehenbiziko lizeoa zabalduko dute Ipar Katalunian
  • Ipar Kataluniako katalanezko eskolen elkarteak, Bressolak, Perpinyàn bigarren hezkuntzako aurreneko ikastetxea irekitzeko urratsa eman du. Kataluniako hizkuntza eta kulturaren alde lanean 45 urte bete ditu aurten elkarteak.

     

Axier Lopez @axierL 2021eko irailaren 03a
Argazkia: Bressola

Bressolako eskolen elkarteak Perpinyàn lizeoa irekiko duela iragarri du. Elkartea negoziatzen hasi da hirurehun ikasle har ditzakeen eraikin bat erosteko. Zentro berria irekitzeko baimen administratiboak ahal bezain laster lortzea aurreikusten dute, eta, oraingoz, Ekialdeko Pirinioetako Departamentu Kontseiluaren, Okzitania eskualdearen eta Kataluniako Generalitatearen babesa dute. Egitasmoa burutzea lortuko balute, lehen aldia izango litzateke Katalunia iparraldeko haurrek bigarren hekuntza katalanez egiteko aukera izango dutela. Eta hala, haurreskoletatik unibertsitatera sartu arteko hezkuntza etapa guztiak egiteko aukera izango dute katalana komunikazio-hizkuntza nagusia izanda.

45 urte eta 1.050 ikasle

Bressola katalanezko eskolak koordinatzen dituen elkartea da Ipar Katalunian. Perpinyanen sortu zuten 1976an, eta beraz aurten 45 urte bete ditu. Seaska, Diwan, Calandreta eta ABCM-Zweisprachigkeit sareekin batera hezkuntza elebidunaren aldeko federazioa osatzen dute Frantziako Estatuan. Aktibismo kultural eta politikoaren erreferente nagusietako bat da Ipar Katalunian, batez ere hizkuntza eta nortasuna defendatzen eta berreskuratzen egindako lanagatik.

Bressolako eskoletan 1.050 lagunek ikasiko dute aurten Ipar Katalunia osoan barreiatuta zortzi zentroetan. Elkarteak adierazi duenez, urterik urte gero eta handiagoa da haurrak katalanezko murgiltze-sisteman eskolatzeko eskaria.