argia.eus
INPRIMATU
Katalanaren erabilera %21,4koa da institutuetako ikasleen artean eta %46,8koa irakasleen artean
  • Kataluniako institutuetan katalanaren erabilera %21,4koa da ikasleen arteko interakzioetan, eta irakasleen %46,8 zuzentzen zaizkie katalanez ikasleei. Beherakada nabarmena erakutsi du Generalitatearen Kultura sailak egin duen inkestak, 2006ko datuekin alderatuta. Ikastetxeetan katalana sustatzeko plana aurkeztu du, arazo honi aurre egiteko.

ARGIA @argia 2021eko azaroaren 05
Argazkia: Vilaweb.

Generalitateko Kultur sailak aurkeztu berri ditu 50 inguru insititutako Bigarren Hezkuntzako 4. mailako ikasleen artean egindako 2021eko galdeketaren emaitzak. Inkesta honek ikasleen hizkuntz erabilera neurtzen du eta datuak alderatu dituzte 2006an eta 2013an egindako inkestekin.

2006an ikasleen %56 zuzentzen zen irakasleengana beti edo ia beti katalanez, aldiz, 2021ean ikasleen %39,4. Ikasleen artean egiten dituzten talde lanetan, 2006an ikasleen %67,8 zuzentzen ziren beste ikaskideengana beti edo ia beti katalanez, baina 2021ean %21,4 soilik. Txostenak beste datu kezkagarri bat ere agerrarazi du: 2006an irakasleen %63,7 katalanez zuzentzen zen ikasleengana (murgiltze eredua izanik, beste hizkuntzetako ikasgaietan izan ezik, denak zuzendu beharko lirateke katalanez), eta 2021ean, berriz, irakasleen %46,8 zuzendu zaizkie ikasleei bertako hizkuntzan.

Beheranzko joera hau azaltzeko, bi arrazoi nabarmendu ditu Francesc Xavier Vila Hizkuntz Politikako idazkariak: irakasteko moldeak aldatu direla, eta hauetan ikasleen arteko interakzioa handiagoa dela eta irakasleen esku-hartze zuzena txikiagoa. Eta bestetik, katalana hitz egiten ez den herrialdeetako ikasle berriekiko jarrera aldatu dela: "2000. hamarkada hasieran, adostasun handia egon zen katalan berriak hizkuntzaren erabilerara gehitu zitezen. Azken urteetan, ez da dinamika bera eraman, alderantzizkoa baizik, eta haiengana gazteleraz zuzentzera jo da".

Ikastetxeetan katalana sustatzeko plana

Egoera honi erantzuteko, Kultur kontseilari Natàlia Garrigak eta Hezkuntza kontseilari Josep González-Cambray-k katalanaren erabilera sustatzeko plana aurkeztu dute. Ikastetxe bakoitzak bere inguruko hizkuntz azterketa egin beharko du eta formazio saio bereziak egingo dira ikas komunitateak kontzientzia har dezan hizkuntzaren osasunean duen pisuaz. Ikastetxe bakoitzean katalana sustatzeko taldeak sortuko dituzte, irakasle, zuzendaritza eta hizkuntz profesional batek osatuta, eta hobekuntzak eta helburuak zehaztu eta gauzatu beharko dituzte.

Irakasleen erabilera baxua nabarmendu du titularrean Vilaweb hedabideak.

Ikasleen erabileraren jaitsieran jarri du azentua, aldiz, El Diario hedabideak.