argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntzan katalanaren biziraupena kolokan jar dezakeen galdetegia abian jarri da Valentzian
  • 570.000 familiek euren haurren ikasgeletako hizkuntza nagusia zein izango den bozkatzeko aukera dute martxoaren 4ra arte: gaztelera edo katalana. Garikoitz Knörr filologoaren eta euskara irakaslearen arabera, kontsultak "ezbaian" jartzen du katalanaren zilegitasuna hezkuntzan.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko otsailaren 27a
Katalanaren aldeko aldarria. Jordi Borras - ARGIA Fototeka

Valentziako Gobernuak –PP eta VOX alderdien arteko koalizioak du agintea– berriki onartutako Hezkuntza askatasunaren legearen barruan egingo da galdetegia. Parte hartzeko aukera duten familia gehienek gazteleraren aldeko apustua eginez gero, ikasgeletan katalanak duen presentzia nabarmen murriztuko da. Inkesta testuinguru liskartsuan abiarazi dute, familia eta irakasle ugarik José Antonio Rovira Hezkuntza kontseilariari boza "alde bakarretik inposatzea" leporatzen baitiote.

Alexandra Usó Escola Valenciana erakundeko lehendakariak bozkatzeko garrantzia azpimarratu du Vilaweb hedabideari eginiko adierazpenetan: "Ez bozkatzeak bozkatzeak baino arazo gehiago ekar ditzake. Ez bozkatuz gero, zuzendaritza taldeek hartuko dute erabakia. Lege honek eta galdetegiak ez dute oinarri pedagogikorik". Garikoitz Knörr filologoa eta euskara irakaslea da Valentzian, eta uste du kontsultak "auzian" jartzen duela azken hamarkadetan katalanak Valentzian lortu duen zilegitasuna.

Epe laburrean katalanaren biziraupenari kalte egingo ez dion arren, "atzerapauso" gisa ikusten du Valentziako Hezkuntza ministerioak abiatutako galdetegia: "Katalanaren hazkundeari oztopoa jartzen dio". Hezkuntza askatasunaren legeari dagokionez, Knörrek "oinarrizko hizkuntzaren" kontzeptua erabiltzen dela azpimarratu du: hau da, ikasle bakoitzak erabaki dezala zein oinarrizko hizkuntzarekin hezi. Hezkuntza aipatzen bada ere, legearen oinarria "hizkuntza gutxituen aurrerapena oztopatzean eta murriztean" ezartzen dela adierazi du filologo eta euskara irakasleak

Galdetegia hasi eta ordu gutxira, webguneak gainezka egin du

Gurasoak telematikoki bozkatzeko aukera dute, Valentziako Gobernuak sortutako webgune batean. Martxan jarri aurretik, prozesu "erraza" izango zela jakinarazi zuen gobernuak; galdetegia hasi eta ordu gutxira, ordea, webguneak gainezka egin du, eta familia ugari kexatu dira ezin dutela bozkatu. Sareetan hainbat familiak argitaratutako argazkietan ikus daitekenez, "sarean arazo bat gertatu da eta zure botoa ez da erregistratu. Mesedez, saia zaitez berriro minutu batzuk igaro ondoren" edo "errore bat gertatu da eskaera prozesatzean" bezalako mezuak agertu zaizkie webgunean.

Families pel Valencia erakundeak salatu du egoera "onartezina" dela, Hezkuntza Ministerioak galdetegia iragarri eta abiatu bitartean izan duen "opakutasunaren" ondorio. Ehunka familiaren kexak jaso dituela jakinarazi du taldeak, eta "arazo guztiak konpontzeko eta familia guztiek inkestan parte hartu ahal dezaten" erreklamazio kanpaina jarri dute martxan. 

Valentzia hizkuntza galdetegia