Valentziako Gobernurako akordioa lotu berri ondoren, PPk eta Voxek iragarri dute hezkuntza izango dela euren lehentasunezko eremuetakoa, hizkuntza pribatua eta kontzertatua indartzearen bidean, batetik, eta katalanaren hedapena mugatzeko, bestetik.
PSVek eta Compromisek –Podemosen sostenguarekin– 2015etik orain arte gidatutako gobernuen helburuetan izan zen hezkuntza publikoa indartzea, haien ustez PPk urte luzetan hezkuntza pribatuaren alde egindako lanak hezkuntza publikoa biziki ahuldu baitzuen. Helburuen artean zuten, halaber, katalanaren aldeko hizkuntza politika indartzea.
Bide horretan, Botanikoaren Gobernuak –hala deitu zaio gobernu horri, 2015ean Lorategi Botanikoan sinatu zutelako gobernu akordioa– katalana bultzatzeko dekretua atera zuen 2019an. Horren arabera, besteak beste, Valentziako Gobernuaren lehen hizkuntza katalana izango zen, eta Kataluniako eta Balearretako gobernuekiko harremana katalanez bideratuko zuen.
PPk berehala jarri zion helegitea dekretuari, baina lehen urratsean auzitegiek ez zioten arrazoi eman. Bigarren punpa batean, ordea, Valentziako Auzitegi Gorenak PPren eskaera onartu zuen eta Valentziako Gobernuaren harremanak aipatu beste bi gobernuekin gaztelaniaz izan behar zutela ebatzi zuen, haietan valentziera ez zelako hizkuntza ofiziala. Blaverismoaren –Valentziera eta katalana bi hizkuntza direla defendatzen duen mugimendua– hizkuntz oinarriekin bat egiten zuen epai hark, eta etorriko denari oinarri judiziala ere jarri zion.
PP-Voxen neurriak
Oraindik ez dituzte neurri zehatzak finkatu, baina dagoeneko PPk adierazi du indartuko dutela araudi berri bat, “gurasoek hauta dezaten haien seme-alabak zein hizkuntzatan ikasi nahi duten”, eta hori haien ohiko jardunean lotuta egon da gaztelania indartzearekin: “Bermatuko dugu gaztelania eta valentziera izatea hezkuntza sisteman erabiltzen diren hizkuntzak, baita atzerriko hizkuntzak ere, eta ez dugu inolaz onartuko beste hizkuntza koofizialik tartean sartzea”. Azken puntu horrek katalanari egiten dio erreferentzia. Voxen ustez, aldiz, gaztelaniak izan behar du eskoletako hizkuntza nagusia. Hizkuntzaren araudi berria eskoletan behar bezala egikaritzen dela berma dezaten aginduko die eskoletako ikuskatzaileei.
Katalana bultzatzen duten elkarteei begira, PPk adierazi du jada ez dietela diru-laguntzarik emango “interes orokorra, gure identitate ezaugarriak, ordenamendu juridikoa, gure Autonomia Estatutua edo Konstituzioaren oinarrizko eskubideak errespetatzen ez dituztenei”. Iragarpena, batez ere Herrialde Katalanen ikuspegia mantentzen dutenei begira egina dago, edo Katalana eta Valentziera hizkuntza bera direla defendatzen dutenei.