argia.eus
INPRIMATU
Independentista katalanen epaiketaren azken egunetan, zigor gogorrak zeruertzean
  • Astelehen honetakoarekin hiru saio gehiago eta asteazkenean amaituko da Kataluniako independentisten aurkako prozesua. Bihar hasiko dira defentsa abokatuen azken hitzaldiak eta hauek absoluzioa eskatuko dute, hasieran iragarri bezala. Asteazkenean, aldiz, akusatuen txanda izango da. Omnium kulturalek Katalunia osoan pantaila erraldoiak jarriko ditu asteazkenean herritarrek kalean jarrai ditzaten hauen hitzaldiak.

     

Xabier Letona Biteri @xletona 2019ko ekainaren 10a

Joan den astean fiskaltzak epaiketa hasierako eskaerari eutsi eta Javier Zaragozak matxinada delitua eskatu zuen hamabi auzipetuetatik bederatzientzat eta 16-17 urteko espetxe zigorrak –Oriol Junquerasentzat 25, buruzagitza lanetan aritzeagatik–. Beste hiruentzat sedizio delitua eta 7 urteko kartzela zigorra. Estatuaren abokatuak, aldiz, ez du ikusten frogatua errerendumaren garai hartan biolentzia egon zenik, eta hortaz, sedizio delitua leporatu die, 12 eta 7 urte arteko zigorrak eskatuz.

Biolentzia

Horixe izan da epaiketaren muina, matxinada delituak ezinbestean biolentzia eskatzen duelako. Defentsak ez du biolentzia aztarnarik ikusi, baina fiskaltzak argudiatu du ez dela biolentzia gertatu behar, mehatxua nahiko dela matxinada delitua eman dadin eta erreferenduma egitea "estatu kolpe" saiakeratzat jo du, akusatuek Katalunia independente egiteko asmoa zutelako, Espainiako Estatuko agintariek emandako aginduei muzin eginez. Beren asmoak aurrera eramateko, gainera, 17.000 mossoren indar armatua zutela argudiatu du, eta hauei erreferendumaren kontra egin ez zezatela agindu zietela. Fiskalak 1981eko estatu kolpearekin parekatu du "estatu kolpe saio hau". Fiskaltzak eta akusazioek 230 polizia eta guardia zibil eraman dituzte lekuko gisa biolentzia egon dela frogatu nahian.

Marchena epaimahiburua

Epaiketaren lehendakari lanak egin dituen Manuel Marchena ere izan da ahozko saioaren protagonistetakoa. Epaiketa gertutik jarraitu dutenen arabera, hasieran oso fin ibili zen bere inpartzialitatea erakutsi guran, baina epaiketak aurrera egin ahala lasaitu egin da eta bere izaera agertu da, defentsaren lana oztopatuz eta akusazioekin malguago jokatuz.

Bideoak

Defentsak nahi zuen lekukoak entzun ahala ikustea bideoak, horrela ikusi ahal izango zelako zein neurritan parekatzen ziren haien esanak eta bideoek erakusten zutena. Hasieran ikusi ahal izan ziren bideoak, baina gutxi batzuk bakarrik, eta Marchenak, argudiatuz bestela epaiketa asko atzeratuko zela, epaiketa amaierarako utzi zuen ikusentzunezkoak ikustea. Ikusi bai, baina hauen inguruko iruzkinak egiteko aukerarik ez. Epaiketa dena, halaber, telebistaz jarraitu ahal izan da.

Estrasburgo zeruertzean

Epaiketa luzea izan da, otsailaren 12an hasi zen eta ekainaren 12an bukatuko da. Epaia udazkenerako espero da. Denbora honetan guztian, Estatuko abokatuaren funtzioa ere garrantzitsua izan da. Ahozko saioa hasi aurretik izendatu zuten Rosa María Seoane, epaiketa baino hiru hilabete lehenago Espainiako tren azpiegiturak daramatzan Adif erakundeko idazkari nagusia. Bere lana izan da matxinada salaketa alboan uztea eta sedizioa izan zela frogatzea; argudiatu du, besteak beste, ez dela gauza bera "biolentzia edo indarraren erabilera". Edozein kasutan, zigor gogorrak espero dira udazkenerako eta defentsa lanetan ari direnak dagoeneko Estrasburgoko giza eskubideen auzitegira  begira daude.