“Kasu, ez gitxu lo!”. Gure denbora eta manerekin baina heldu gira.
Azaroaren 25ean Baionako elgarretaratzera joan ez joan eta autoak nola partekatu pentsatzetik (joan-jina bi oren), bat-batean Lartzabalen elgarretaratze bat antolatu genuen, eta 47 emazte bildu! Mementoko pozaren ondotik eta batez ere entzundako eskerrengatik, gurean ere, manifestatzeko eta emazteek* elkartzeko beharra badugula argi ikusi zen.
Ainitzetan hiritatik heldu zaigun diskurtso feministan ez dugu gure burua atxemaiten; ez gira identifikatuak sentitzen. Diskurtso arrotza egiten zaigu, batzuetan feministak ez garela sentitu arte. Alta, kolektibo berdina gira. Forma ezberdinekin baina zapalkuntza patriarkal eta egiturazko bera pairatzen dugu.
Zonbat emazte* auzapez ezagutzen ditugu? Biztanleriaren erdia emazteak* izanki, Baxenafarroko 80 herrietarik bederatzitan bakarrik dira emazte auzapezak. Berriki pasa diren laborantzako hauteskundeetan, zonbat hautagai izan dira emazteak? Bikote heterosexualetan etxaldeko lanak nola banatuak dira? Gizonak kabaletan eta emazteak paperetan! Eta emazte bat bera bakarrik instalatzen denean zenbat zangok egiten duten dardara/ikara. Zenbatek, nahiz eta “gaizki ez ikusi”, gizonen laguntza beharko duela pentsatu. Aldiz, gizon bat instalatzen denean, gauza arrunt gisa bizi dugu, laguntza edo arrangura berdinak ukanen ez balitu bezala.
Batzuk kokatzearren: asteburu pasa furgonetarekin joaten zareten ingurune horietan egunero bizi garen emakumeak* gara. Zuen elikagaiak (eta batzuengatik balitz zuen energia ere) sortzen dituen eremu horietako biztanleak. Eta ez da Ipar-Hego Euskal Herria dikotomian erori behar. Erroeta, Iturgoien, Ezkarotzen edota Gamarten berdina partekatzen dugu.
Diskurtso feminista hirietan eraikia izan denez, landa eremuko emazteen* egoerak eta bereizitasunak ahantziak izan dira. Baina hirietako feminismoek gu ere entzun gaitzaten, guhau antolatzetik hasi behar dugu
Landa eremuko emazteak* betitik, ikusezinkeri bikoitza jasan dugu. Lehena narratiba androzentrikoaren eraginez eta bigarrena urbanozentrikoarengadik. Diskurtso feminista hirietan eraikia izan denez, gure egoerak eta bereizitasunak ahantziak izan dira. Baina hirietako feminismoek gu ere entzun gaitzaten, guhau antolatzetik hasi behar dugu/gira. Landa eremuko emazteen* aldarrikapenak diskurtso feministara txertatu behar ditugu. Begiradak partekatuz, landa eremutik gure ekarpena egin, diskurtso feminista osatzeko eta ez dadin gehiago arrotza izan.
Gainera, landa eremua bazter uzten bada, ezingo da sekulan egungo eredu sozioekonomiko suntsitzailea irauli. Landa eremuak, zaintzekin batera, dira justuki, sistema urbanozentriko eta merkantilistak sortzen dituen kalte eta erasoak, egunerokoan “orekatzen” ari direnak. Eta sistema eta bizitzaren arteko gatazkari aurre egiten ari diren bi eremu horiek dira, hain zuzen, ikusezin bihurtu eta eduki politikoz husten dituztenak.
Gauzak ez direlako hola kasualitatez, baizik eta interes batzuengatik eraikiak izan direnez, borrokaren bidez deseraikiko ditugu! Gure bizitzen eta ekosistemen erabakitzeko ahala berreskuratu behar dugu. Itzulguneetan itzultzen giren gisa berean, balia dezagun Lartzabaleko itzulgunean Martxoaren 8an 12:00etan, emazteak* sareturik eta indarrak baturik, gauzak itzularazteko.
Haizea Isasa