Marokoko epaitegi militar batek 24 saharar epaitu ditu. Orain bi urtetik badaezpadako espetxealdian zeuden, Gdim Izik kanpamenduko enfrentamenduengatik. Etenaldirik gabe, bederatzi egun iraun ditu Rabaten epaiketak, eta igande goizean amaitutzat eman dute. Ondorengoa ebatzi dute.
8 presori bizi osorako kartzela zigorra.
4 presori 30 urteko kartzela zigorra.
7 presori 25 urteko kartzela zigorra.
2 presori 20 urteko kartzela zigorra.
3 preso askatu dituzte bi urte egin dituztelako kartzelan.
Mendebaldeko Sahararen aldeko hainbat erakundek epaiketaren jarraipena egin dute, eta Equipe Media kontrainformazio guneak YouTubera igotako bideo batean ikus daitekeenez, 24 presoek garaipenaren ikurra eginez entzun dituzte ezarri dizkieten zigorrak, eta Mendebaldeko Sahararen independentziari buruzko aldarrikapenak bota dituzte kartzelara eraman aurretik.
2010. urtean, Aaiun kanpoaldean kanpamendua altxa zuten eskubide sozial eta ekonomikoak eskatzeko, eta unerik jendetsuenean 40.000 pertsona biltzera iritsi ziren. Bertan iraun zuten hainbat egunez, azkenean Marokoko polizia sartu eta manifestarien aurka egin zuen arte. Bertan zeuden hainbat GKEk salatu zuten marokoko polizia tiroka aritu zela asentamenduan, eta dozenaka saharar hil zituztela. Ondoren, Marokok adierazi zuen poliziak ere bazirela hildakoen artean, eta heriotza hauengatik epaitu dituzte 24 sahararrak.
Epaituek adierazi dute torturatu egin zituela poliziak eta autoinkulpazio hauetan oinarritu dela epaiketa osoa.
Hala ere, Western Sahara Human Rights Watch taldeak jakinarazi nahi izan duenez, Marokoko polizia izan zen jendeari protestarekin bat egiten utzi ez eta ondoren istilu guztiak abiatu zituena, protesta baketsua baitzen Gdim Izik-ekoa. Aipatu taldeak salatu du epaiketan ez zela hildako polizien identitateari buruz ezer aipatu, ezta hauek ustez nola hil zituzten ere, ezta hauei egindako inolako autopsiaren berririk ere. Beste hainbat salaketaz gain, nabarmendu dute epaiketa ez dela justua izan.
Epaiketan izan diren nazioarteko begiraleak ere bat etorri dira defentsak aurkeztutako frogen gabeziak nabarmentzeko orduan, eta kritikatu egin dute sententzia, Saharako okupazioaren aurkako epaiketa politikoa izan dela adieraziz.
Epaiketak iraun bitartean istiluak izan dira Mendebaldeko Saharan, manifestarien eta poliziaren artean.
Artikulu hau Lander Arbelaitzen Taupadak blogetik ekarria da. Bertan estaturik gabeko nazioei buruzko albiste gehiago topatuko duzu.