argia.eus
INPRIMATU
Kastejon-Muruarte de Reta arteko autopista elektrikoaren aurkako oposizio haundia herriko hautetsien artean
  • Nafarroako eta Gipuzkoako 438 udal hautetsiek sinaturiko adierazpenean Itsaso eta Kastejon-Muruarte de Reta arteko autopista elektrikoak kaltetzen dituen herrien etorkizuna eta duintasunez bizitzeko eskubidea aldarrikatu dituzte.

Ahotsa.info @ahotsainfo 2019ko apirilaren 30

“Duela hamarkada bat lehenengo proiektuari aurre egin genion, Vitoria-Gasteiz/Castejón-Muruarte lotzen zituena hain zuzen ere eta gelditu egin zen ingurumenari egiten zion kalteagatik eta gizartearen oposizioagatik”, eta 2011n aurkeztu zen bigarren proiektua, Itsaso eta Deikazteluren artekoak, oposizio oso haundia jaso zuen ere.

“Herriaren oposizioak, erakunde lokalak buru dituztela, bi proiektuak atzera botatzea ez da oztopo izan Red Electrica de España SAk hirugarren proiektu bat aurkezteko eta jarduera eremua oinarrian bat dator aurrekoarekin. Zer gehiago egin behar dugu herritar gehiengoaren borondatea errespetatzeko?”, galdetu dute udal hautetsi hauek. Proiektu honekin aurrera egitea “herritarren ordezkaritza demokratiko legitimoari iseka egitea” dela salatu dute.

Proiektuaren “justifikaziorik eza” ere nabarmendu dute. “Proiektua beharrezkoa ez dela pentsatuta, garraio elektrikoaren azpiegiturak optimizatzearen alde apustu egiten dugu eta hornikuntzaren hobekuntza planak betetzea, benetako beharretara egokituz”, azpimarratu dute.

Bestetik, alde ekologikoak eta sozialak ere aipatu dituzte. “Ingurumen eta kultur ondare aberatsaren atzean, gure paisaiaren pantaila bukolikoaren atzean, lurralde desoreka handiak, zerbitzu sozial prekarioak eta konparaziozko bidegabekeria zenbatuezinak ezkutatzen dira. Gure bailarak, gure mendiak ezin dira azpiegiturak jartzeko euskarri fisiko bakarrik bihurtu, azpiegitura hauek inpaktu jasanezina baitira ingurumenarentzat, osasunarentzat eta ehun produktiboarentzat eta gainera bateraezinak, gure herri eta bailarentzat aurreikusita dauden etorkizuneko garapen planekin”.

Horregatik guztiagatik eskatzen diete erakunde eskudunei Itsaso eta Castejon Muruarte arteko goi tentsioko linea “behin betiko eta denborarik galdu gabe atzera botatzea, horrela errespetatuko baita herritar gehiengoaren borondatea eta gizartearentzat ondare, natura eta kultura balio handia duten guneetan kalte konpon ezina ekidingo da”. Aldi berean, Foru Gobernuari eta Erkidegokoari Udalen eta Kontzejuen alde jartzea eskatzen diete, “multinazional elektrikoen interesen aurrean”.

Azkenik, “ekosistemaren garapen demokratikoaren aldeko apustua” adierazi nahi dute, “herritarren behar errealen eta gure etorkizuna erabakitzeko eskubidean oinarrituta, nekazal ingurunea errespetatzea eta jarduera ekonomikoen eta osasun publiko eta ingurune naturalaren arteko armonia eta oreka ahalbidetuz”.

Albiste hau Ahotsak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.