Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Afrika mendebaldeko 6.000 kasko urdin bidali ditu Malira. Urtea amaitu baino lehen beste 6.000 soldadu batuko zaizkie. Helburua, "segurtasuna eta egonkortasuna mantentzea", NBEren arabera.
Urtarrilaz geroztik, errebelde tuaregen eta talde yihadisten aurkako nazioarteko aliantza militarraren buru da Frantzia. Malira heldu diren kasko urdin afrikarrek soldadu frantziarrak ordezkatuko dituzte, baina horrek ez du esan nahi Frantziako tropak etxera itzuliko direnik. Malin geratuko dira, euren laguntza beharrezkoa izan daitekeelakoan, Frantziako Gobernuak azaldu duenez. Gaur egun 3.200 soldadu frantziar daude Malin, bereziki Gao, Tessalit eta Kidalgo aireporturen inguruan.
Kasko urdinen egitekoa Mali iparraldeko hiriak babestea da batetik, eta uztailaren 28ko presidentetzarako hauteskundeetan segurtasuna bermatzea bestetik. Aurreikuspenen arabera, Minusma operazioak urtebete iraungo du.
Kasko urdinek egindako operazio militar handienetakoa da Malin hasi dutena.