Seaskaren arabera 6.000 lagun bildu ziren azaroaren 8an Ziburun, Kaskarotenea ikastolako haurrek euren herrian eraikin duin batean ikasi ahal izatea aldarrikatzeko. Baina manifestazio jendetsuak ez duela hunkitzen argi utzi zuen herriko auzapezak egun batzuk lehenago Berrian: “Badakit nondik etorriko diren. Autobusak etorriko dira Espainiatik. Ez dira ziburutarrak”.
Espainiatik, aizue. Zeinen argi uzten duten Guy Poulouren hitzek beharrezkoa dela Ziburuko ikastola, beharrezkoa bertako haurrak euskaraz eta Euskal Herria oinarri duen kulturan eta baloreetan heztea, nazio izaera (eta hizkuntza) ukatzen diguten bestelako hezkuntza ereduen aurrean. Baina ez du erraza izango Kaskaroteneak, legea alde duelako auzapezak; Hendaia eta Beskoitzeko ikastolak jomuga izan zituen lege bera. Ikastetxe pribatuak diru eta azpiegitura publikoz laguntzea debekatzen duen Falloux Legeak dirauen bitartean, legeak ez euskara ez ikastolak aintzat hartzen ez dituen bitartean, aitzakia paregabea dute Seaskaren proiektua eraso nahi duten politikariek.
Ez, ez du erraza Kaskaroteneak. Egoerak ez du desblokeatzeko itxurarik eta muturrera eramanez gero, eztanda egingo du alde batera edo bestera. Hutsik dagoen eraikin publikoa ez dio ikastolari utzi nahi Herriko Etxeak, eta auzapezak proposatu dien etxola kaskarrera ez dute joateko asmorik ikastolako irakasle-ikasleek. Hala ere, alternatiba errealen gainean negoziatzeko prest agertu dira ikastolako arduradunak, eta ikusteke dago auzapezak ere akordio duin bat adosteko borondaterik agertzen duen. Oraingoz, entzungor egiten die azaroaren 8an “ikastolak ez hunki” eskatu zuten milaka lagunei, “legea zuena bada ere, arrazoia gurea da” Paxkal Indo Seaskako lehendakariaren hitzei. Azken finean, Espainiatik etorritako autobusak ziren.