argia.eus
INPRIMATU
Kasik ehun ikaslek salatu dituzte Betharramgo ikastetxe katolikoan jasandako bortizkeria fisiko eta sexu indarkeriak
  • Berria egunkariak eman du salaketen berri, garai hartan bertan egondako ikasle batzuen lekukotasunak ere bilduz. 1960ko hamarkadatik 1990eko hamarkadaren bukaera artean gertaturiko indarkeria fisiko, sexu bortizkeria eta bortxaketei buruzko lekukotasunak bildurik, Paueko (Okzitania) prokuradore Rodolphe Jarryren esku gelditzen da afera.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko ekainaren 06a
Argazkia: Quentin Top AFP

Ehun bat lekukotasunez osatua da Lestelle-Betharramgo (Biarno) Notre-Dame-de-Betharram ikastetxe katolikoaren baitan bideratu bortizkeria fisikoen eta hitzezkoen, sexu indarkerien eta bortxaketen harira irekitako auzibidea. Indarkeria salaketak 1960ko hamarkadatik 1990eko hamarkadaren bukaera artekoak dira, eta orotara hamar bat apez, zaindari laiko edota ardurak zituzten ikasle zaharrago dituzte jomugan –gehienak zenduak, baina guztiak ez–. Zuberoatik hurbil, Ipar Euskal Herriko haur andana pasa izan zen ikastetxe horretatik, eta salaketa jarri dutenen artean ere badira batzuk.

Berria egunkariak eman du aferaren berri ostegunean. Testigantzak bildurik, Paueko (Okzitania) prokuradore Rodolphe Jarryren  esku dira salaketak. Testigantza batzuei dagokienez preskripzio epea gaindurik izanik, ikusteke dago epaileak zer nolako jarraipena emanen dion eskandalu horri. 2018ko Schiappa Legeak luzatu zuen preskripzio epea 30 urtera, adin txikikoen bortxaketen kasuentzat, eta hamar urtera, sexu indarkerientzat (eta hogei urtekoa da 15 urtekoentzat). Beraz, legeari segi, duela 48 urte baino lehenago gertaturiko bortxaketei eta 28 urte baino lehenago pairaturiko sexu indarkeriei ez liekete segidarik emanen.

Urdin Euskal Herri Irratia-k ere eman zuen kasuaren berri iazko azaroan, eta ohartarazten duenari segi, aspaldian bazen ikastetxe horretako indarkerien berri. 1990eko hamarkadan argira ekarri zen gaia, nagusiki lurralde horretako politikari ezagunen umeak bertan eskolaratuak zeudelako. Tartean ziren, demagun, Frantziako ministro ere izandako Douste Blazy eta François Bayrouren haurrak.

Alain Despoutère ikasle ohia aritu da testigantza bilketa lan handia egiten. Bera dago Les anciens du collège et lycée de Bétharram, victimes de l’institution (Betharramgo kolegio eta lizeoko ikasle ohiak, erakunde hartako biktimak) Facebook kontu pribatuaren oinarrian, eta iazko urriaz geroztik ari da lekukotasunen metatzen. "Testigantza horiek biltzea mendeku bat da, nolazpait", dio Urdin Euskal Herri Irratiako mikrofonoan.

Izengoiti gisa Michel jarri zaio Berria-k dakarren lekukoari, eta kontatzen du nola ahanzturan jarri nahi izan dituen bizirikoak: "Ehortzi ditut barnean, bizitzen segitu behar baita". Dio ustez ez duela sexu indarkeriarik jasan, baina bai "kolpeak, kolpe anitz". Zaindari "perbertso" eta "sadikoei" buruzko oroitzapenak ditu, baita kolpe "bortitz" eta "bisiotsuenak" ere. Irekitako auzibide horrekin zer nahi duen ere zehazten du: "Egia errana izatea" eta biktimak "mintza daitezen" eta "zer gertatu den argitu dadin".