argia.eus
INPRIMATU
KAS: “Afariak debekatuta beharra ez da desagertzen; areagotzen da”
  • Kaleko Afari Solidarioak (KAS) egitasmoko kidea da Ixiar Gonzalez Gurrutxaga. Donostiako Udalak asteazkenean debekatu egin die behar dutenentzako otordu beroak eskaintzen jarraitzea. 18:00etan prentsaurrekoa deitu dute beren erantzunaren berri emateko. "Hiru aukera ditugu: dirudienez debekua soilik Egian denez, gune berri batean banaketa hastea; desobedientzia zibilaren bidez auzoan jarraitzea edo lanean ari garen auzoetako eskaintza indartzea".

Olaia L. Garaialde 2024ko urriaren 24a
Aste Nagusi Piratako txupina botatzearen arduradun izan zen KAS. Donostiako Piratak

2020ko azaroan, Donostiako zenbait bizilagunek udaletxe zaharreko arkupeetan zeuden pertsona batzuei zer behar zuten galdetu, eta afari bero bat nahi zutela erantzun zieten. Hori dela eta KAS egitasmoa sortu zuten. Taldearen jarduna da behar duen edonorentzat egunero otordu bero bat eskaintzea. Astelehenean, hilaren 21ean, KASen kontrako elkarretaratze bat antolatu zuten. Horrez gain, Donostiako Udalak jardun komunitarioarekin jarraitzea debekatu die. Debekuak debeku KASek ez ditu suak itzaliko. Ixiar Gonzalez Gurrutxagak, KASeko kideak, esan du gaur, hilaren 24an, dilistak jaso eta banatuko dituztela. Biharko boluntarioak ere prest dira kale egoeran dauden pertsonentzako hurrengo afari beroa prestatzeko.

Astelehenaz geroztik nola zaudete?

Ez dugu aukerarik izan denak aurrez aurre elkartzeko, baina mezuak trukatzen ibili gara. Astelehenean gure helburua zen afariak banatzea. Horregatik, elkarretaratzea 20:00etan zela jakin genuenean banaketa ordua aurreratu genuen. Adostu genuen ez ginela konfrontazioan eroriko eta ez genuen elkarretaratzearen kontrako elkarretaratzerik deitu. Horren ostean, debekua etorri zen, baina ez dakigu hori dela eta izan zen, edo aurretik pentsatuta zegoen.

Horrelako zerbait pairatzen duzuen lehen aldia da?

Banaketaren unean segurtasunaren izenean elkarretaratze bat egiten duten lehenengo aldia da. Hala ere, Lo que no te cuentan de Donosti Instagram taldea sortu zutenetik, KAS jomugan izan dute. Ekintzekin eta mehatxuekin erantzun dute, jendea jipoitzera atera dira eta afaria jasotzen dutenen atzetik joan dira. Oso lazgarria izan da.

Ostegunean banatuko dituzten dilistak prest dituzte.

Donostiako PPko hiru zinegotziek ere hartu zuten parte elkarretaratzean. Zer suposatzen du horrek?

Talde bezala ez dakit, baina niri pertsonalki politikan dabiltzan ordezkari batzuek horrelako gauzetan parte hartzeak sentiarazten dit gutxi espero daitekeela haietaz.

Ahoz jaso duzue debekuaren erabakia, baina ez dizuete agiririk eman. Orain arte nolako jarrera izan du udalak?

Lau urte hauetan lauzpabost bilera izan ditugu, eta guztietan jantoki sozial bat eskatu dugu. Elikadura eskubide hori betetzeko konponbide espezifiko bat dela uste dugu, baina hori baino haratago doa kale egoeran dauden pertsonekin egin beharreko esku hartzea. 200 lagundik gora daude kale egoeran Donostian, eta udalak dituen zerbitzuak ez dira nahiko horiei guztiei arreta emateko. Neurriak hartu beharrean kontrol soziala eta poliziaren presentzia handitu dituzte.

Beharbada, orain arte, jende askok ez zuen KAS ezagutzen; nola azalduko zenuke zer den?

Ekimen komunitario, kolektibo, ireki, parte hartzaile eta inklusiboa da. KASen helburua da kale egoeran dagoen orori egunero etenik gabe afari bero bat eskaintzea. Denborarekin eraikitzen ari garen ekimen eta ekintza komunitarioa da. Praktikaren bidez ekintza politiko bat egiten ari gara. Orain ikusten ari gara zein marko teoriko eta diskurtso politiko dagoen ekintza honen oinarrian, baina ez dugu gure artean definitu, praktikatik abiatu garelako. Ezin dugu ahaztu garrantzitsuena ekintza eta lan egiteko modua direla eta elkartasuna duela ardatz. gainera, autogestioan oinarritzen gara.

Donostiako Segurtasun zinegotzi Martin Ibabek adierazi du afariak debekatzeko “arrazoi bakarra eta esklusiboa inguru horretan gertatzen ari den segurtasun-arazoa” dela. Zer gertatuko da udalak alternatibarik ez badu eskaintzen?

Pertsona horiek gose handiago pasatuko dute eta segurtasunak gora egin beharrean behera egingo du. Gose zarenean eta ez daukazunean dirurik erosteko, zer egingo duzu? Afariak debekatuz beharra ez da desagertzen; areagotzen da. Lapurreten, istiluen eta bestelakoen errora joan, eta erantzun integral bat bilatu behar dugu. Afariak debekatzeak ez du konponbiderik ekarriko.

Adierazi duzue banaketarekin jarraituko duzuela. Nola egin diozue aurre debekuari?

Oraindik ikusten ari gara, orduan ez dugu erantzun zehatz bat. Momentuz daukagun informazioarekin hiru aukera daude: dirudienez debekua soilik Egian denez, aukera bat da gune berri batean hastea; desobedientzia zibilaren bidez auzoan jarraitzea edo lanean gauden auzoetako eskaintza indartzea. Aukera horietatik harago ez dakit.