argia.eus
INPRIMATU
Fermin Muguruza: “Pradales lehendakaria bere Justizia Sailarekin ados dagoen jakin nahiko nuke”
  • Fermin Muguruzak kontzertua eskaini zuen pasa den larunbatean Martuteneko kartzelan, Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia ETAko kideek espetxe horretatik ihes egin eta 39 urtera. Orain, kontzertua dela-eta hainbat jenderen kexak jaso ostean, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak iragarri du presondegietan kultur emanaldiak antolatu ahal izateko baldintzak gogortuko dituela. Erabakia "sorpresa eta etsipen handiz" hartu duela adierazi du musikari irundarrak.

     

Jon Torner Zabala @jtorner 2024ko azaroaren 19a
1985ean bezala, pasa den larunbatean kontzertua eskaini zuen Muguruzak Martutenen. @PatxiValen

Orain arte, kartzela batean emanaldia eskaintzeko baldintza bakarra zen sortzaileek aurrekari penalik edo polizialik ez izatea. Hemendik aurrera, ordea, kultur proposamen orok "balioak errespetatzeko konpromisoa" agertu beharko du, "presoen gizarteratzea" bultzatuko du eta "ez ditu biktimak irainduko", Justizia eta Giza Eskubideen Sailak azaldu duenez. Haren arabera, Sarri Sarri kantak –Muguruzak larunbatean eskaini zuen abestietako batek– ez ditu baldintza horiek betetzen, bereziki azpimarratuta biktimak ez iraintzearena. "Ez dugu horrelakorik berriro gertatzea nahi", esan du María Jesús San José sozialista buru duen sailak.

Muguruzaren kontzertuak, besteak beste Covite biktimen elkartearen kritikak jaso ditu, eta hainbat hedabidek ere heldu diote polemikari.

Muguruzaren erantzuna

Musikari irundarrak, bere aldetik, Instagram bidez zabaldutako mezuan gogorarazi du 1985eko maiatzaren 26an Martuteneko kartzelan kontzertua eskaini zuela Kortatu taldeak, eta handik egun gutxira –uztailaren 7an– egin zutela ihes Sarrionandiak eta Pikabeak, Imanol Larzabal kantariak Martutenen eskainitako kontzertu bateko bozgorailuetan ezkutatuta.

"Harrez geroztik Martutenen eta beste kartzeletan jotzea debekatu zidaten", dio Muguruzak. "2000. urtean Iruñeko kartzelan izan nintzen Dub Manifest-ekin, 2023an Zaballan Des-kontrolekin eta aurtengo otsailean Palestinako DAM taldearekin kartzela berean". Larunbatean ere Des-kontrol taldearekin jo zuen Muguruzak: "Gaur, 2024ko azaroak 16, Martutenera itzuli naiz kontzertua eskaintzera. Patio bera. Askatasun-gose bera. Sarri Sarri abestea debekatuta omen zegoen kartzelan azken ia 40 urte hauetan. Gaur ozen abestu dugu denok! Galtzen den borroka bakarra albo batera uzten dena da. Presoak Kalera Amnistia Osoa".

Justizia Sailaren erabakiaren berri izan ostean, asteartean adierazpenak egin ditu Muguruzak, Donostian beste arrazoi batengatik eman duen prentsaurrekoan –Bidasoa 2018-2023 DVD eta CDa aurkezteko deitu dute agerraldia–. Espetxean kultur emanaldiak emateko baldintzak gogortu izanak "sorpresa" eta "etsipena" sortu diotela azaldu du, eta Imanol Pradales lehendakariari zuzendu zaio: "Pradales lehendakaria bere Justizia Sailarekin ados dagoen jakin nahiko nuke". Izan ere, Jaurlaritzak musikariari babesa agertu zion urteak direla, Sarri Sarri kanta abesteagatik bere aurkako kanpaina baten aurrean.

Anoetako kontzertua

Donostian emandako prentsaurrekoan Fermin Muguruzak azaldu du ekainaren 14an Donostiako Anoeta estadioan eskainiko duen kontzerturako jada 25.000 sarrera saldu dituztela, eta beste 10.000 jarri dituztela salgai orain, sarrerak.muguruzafm.eus webgunean. Jaialdian izango diren talde gonbidatuak zeintzuk izango diren ere esan du: Des Kontrol, Bad Sound System, Niña Coyote eta Chico Tornado eta Palestinako DAM taldea.

Fermin Muguruzari elkarrizketa ARGIAn

Aste honetako ARGIA aldizkariarekin batera Larrun gehigarria banatuko dugu, Lander Arbelaitz kazetariak Fermin Muguruzari egindako elkarrizketa luzea bildu duena.