argia.eus
INPRIMATU
Kartzelaratu egingo dute bere burua defendatu zuen indarkeria matxistaren biktima bat
  • Biktimari indultua ukatu dio Espainiako Gobernuak, eta bi urte eta bederatzi hilabeteko zigorra ezarri diote. Bikotekide ohiak eraso egin eta emakumeak kristal batekin ebaki bat egitea leporatu diote. Gizonezkoak urruntze-agindua zuen.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko apirilaren 21
Indarkeria matxistaren biktimari bi urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote, lesio delituak egotzita.

Indultua ukatu dio Espainiako Gobernuak bere buruaren defentsan bikotekide ohiari ebaki bat egitea leporatutako emakumeari. Bi urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote, lesio delituak egotzita. El Cierre Digitalek azaldu duenez, ostiral honetan espetxeratuko dute. Emakumearen abokatuak azaldu du gizonezkoa beste emakume batzuen aurkako indarkeria matxistagatik kondenatua izan dela.

2017ko irailaren hasieran, Loredana izeneko emakumeak bere bikotekide ohia salatu zuen, etxean jipoitzea leporatuta. 500 metroko urruntze-agindua ezarri zioten gionari orduan. Handik sei egunera, goizaldean kalean topatu zuen, Madrilen. Emakumeak azaldu duenez, barkamena eskatzen hasi zitzaion, honek gezurretan ari zela leporatu zion eta gizonak ostikada bat eman eta lurrera bota zuen. Orduan, Loredanak kristal bat hartu eta ebaki bat egin zion aurpegian. Polizia gerturatu zen, eta biak eraman zituen atxilo. Emakumeak 19 urte zituen orduan, eta gizonak 21.

Epaiketa azkarra egin zuten momentuan, eta bietako inork ez zuen deklaratu. Emakumeak azaldu duenez, pentsatu zuen kasua itxita zegoela, baina bikotekide ohiak salaketa jarri zion. Loredanak hainbat hilabeteren ondoren izan du salaketaren berri, eta bitarte horretan, bere salaketa kendu zuen, Epaileak kargugabetu egin zuen mutila, "emakumea erasotu izanaren froga faltagatik", eta gizonak urruntze-aginduaren berri ez zuela onartu zuen.