argia.eus
INPRIMATU
Kartzelara eraman dute Ibon Iparragirre
  • Madrilgo Alcala-Meco espetxean da dagoeneko gaixo larrien zerrendan dagoen Ibon Iparragirre euskal preso ondarrutarra. Pneumonia zantzuekin ospitaleratu zuten maiatzaren 31n, baina ekainaren 8ko arratsaldean eraman dute berriz ere kartzelara.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko ekainaren 09a
Ibon Iparragirre aske uzteko eskatuz Ondarroan egindako elkarretaratzea, ekainaren 1ean (Argazkia: Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza).

Gaixotasuna oso fase aurreratuan du Iparragirrek, eta hiesa bezalako eritasun bat fase horretan izanda, edozein infekziok arriskuan jartzen du bizitza. Osasun publikoko 300 medikuk maiatzaren 17an Lege Biltzarrean adierazi zuten presoak kartzelan jarraituz gero bere bizitza arriskuan dagoela.

Iparragirreren senideek, Etxeratek eta Iparra Galdu Baik plataformak ekainaren 1ean egindako agerraldian adierazi zuten "Ibon kartzelan hiltzen ari da, eta mendekuarekin amaitu beharra dago". Ekainaren 2an Eusko legebiltzarreko alderdi guztiek PPk salbu babestu zuten preso ondarrutarra aske uztea.

Orain Iparragirre berriz espetxean, astebururako protesta ekintzak antolatu ditu Kalera Kalera dinamikak:

- Ekainaren 9an, ostirala, bost minutuko burrunbada egingo dute Ondarroan, 23:00etan hasita.

- Ekainaren 11n, igandea, manifestazioa izango da Bilbon Heriotz zigorrik ez. Ibon eta preso gaixo larriak kalera!  lelopean, 12:30ean Moyua plazan.