argia.eus
INPRIMATU
'Zenbat lo' liburua aurkeztu dute Asteasun
Kartzelako hormak zeharkatzen dituen ama-alaben arteko harremana hitz eta iruditara eramana
  • Nekane Txapartegi Suitzako kartzela barrutik eta alaba kanpotik, elkarri hamaika modutara maitasun mezuak helarazten. Horra Txalaparta argitaletxeko Zenbat lo liburuak jaso duen historia, Iraitz Lizarragaren hitzetan eta Izaro Lizarragaren ilustrazioetan. Iragan hurbileko borroken kontakizunean sumatzen duten "hutsuneari beraien alea jarri" nahi diote, emakume ahotsean: "Euskaldun eta emakume gisa zapaldu ninduten, eta gehien min ematen zidan moduan, alabarengandik bereizita eta berarekin euskaraz komunikatzea zigortuta", adierazi du Txapartegik bete-betea zegoen Asteasuko Udaletxeko aretoan. Apirilaren 23an egin dute aurkezpena, Txapartegiren amaren egunean: "Ama-alaben artean era askotako harremanak daude. Denbora askoan egon zen gure zain eta gu itzuli ginenean joan zen bera". Borroketan bizi izan diren harremanak, minak eta elkartasuna "beti kolektiboak" direla azaldu du. Izaro Lizarragak bide berean adierazi du: "Egoera bera bizi duten ume asko eta asko daude herri honetan, libururik ez dutenak. Haiek izan ditut gogoan ilustrazioak egiterakoan". Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegian egingo dute hurrengo aurkezpena, ostegun honetan 18:00etan.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2024ko apirilaren 24a
"Zenbat lo" album ilustratuaren aurkezpenean, apirilaren 23an Asteasun. Ezkerretik hasita, Iraitz Lizarraga (hitzak), Nekane Txapartegi eta Izaro Lizarraga (irudiak).

2016ko apirilean atxilotu zuten Nekane Txapartegi, Suitzako kartzelan. "Orduan egin ginen ikusgarri", seinalatu du; izan ere, erbestean jaio zen alabari "piraten bizitza" zeramatela azaldua zion ordura arte. Egoera gordinenetan ere "haurrei ez zaiela gezurrik esan behar" aldarrikatu du, "egoerak azaltzeko moduak" bilatu behar direla eta haurrek "ulertzeko hitz gutxi" behar dituztela: album ilustratu hau erreminta izatea nahi luke, hainbat gairi buruz helduak eta umeak elkarrizketan jartzeko eta hausnarketak egiteko. Ordura arte 24 orduz elkarrekin bizi ziren ama-alabak bereiztea ekarri zuen Suitzako kartzelaldiak, eta Zenbat lo liburuak tarte hori jaso du: ama-alabak bereizi zituztenetik berriz elkartu ziren artekoa.

"Alferrik ari dira, ez dute lortuko gure maitasuna etetea", Nekane Txapartegi

Asteasuko eta Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako pertsonez bete-bete egin zen Udaletxeko aretoa, eta Nekane Txapartegik aitortu zuen alabari kartzela barrutik idatzi zion lehen gutunean zer esateko beharra sentitu zuen: "Nik ez zaitut abandonatu". Kartzelak amatasuna bere aurkako zigor modura erabili zuela azaldu zuen: "Alaba umerzurtz etxera eramango zutela esaten zidaten eta berarekin nituen bisitak kristal bat erdian genuela ziren. Oso gutxi hitz egiten da emakumeen borrokaz eta gure umeen kontra ere zuzenean jo dute, haienak ez dira kalte kolateralak". Gizartean "zigor soziala" ere badagoela salatu du: "Kartzelan dagoen ama, ama txarra, bere lekua utzi duena".

Inkomunikazio zorrotza ezarri zioten Txapartegiri eta egoera horretan barrutik espero ez zituen arte adierazpideak atera zituela gogoratu du irribarrez, alabari bidaltzen zizkion gutunak, poemak, irudiak eta komikiak gogora ekarrita. Horien artean, pirata banda baten komiki bidezko istorioak nabarmendu ditu. Horrela zioen alabari idatzitako gutun batean: "Espetxeko zuzendariari idatziko diot alferrik dabilela esanaz, ez duela lortuko gure arteko maitasuna itzaltzea".

Ama-alaben arteko harremana zerbait pertsonala izanik ere, "dena dela kolektiboa" zehaztu du Txapartegik: "Ama eta alaba asko daude, min asko daude. Min kolektiboak dira eta horiei denei leku egin behar zaie, inor ordezkatu gabe. Pertsona bakarrek ez dute ezer egiten, denok elkarrekin egin dugu bidea. Bai Euskal Herrian eta bai Suitzan piztu zen elkartasun sareari esker ere eusten zen alaba eta bion harremana. Nik banekien bera ongi zainduta zegoela kanpoan, hori gabe zailago egingo zitzaidan barruan eustea". Izan ere, elkartasun handia sortu zen Suitzako gizartean eta Free Nekane kanpaina izan zen guztiak batu zituen ardatza. "Free Nekane, bai, baina free amatxo. Zu nire ama ere bazara", aldarrikatu zuen bere lekua borroka kolektiboaren barruan orduan 7 urte zituen alabak.

Izaro Lizarragak eta Iraitz Lizarragak adierazi dute argi zutela historia "ez zutela biktima posiziotik kontatu nahi, subjektu aktibo izango zirela album ilustratuko bi protagonistak".

Eskuinean, mikrofonoa eskuan, Amaia Agirre. Bertsoak kantatu zituen eta gidari lana egin zuen aurkezpenean.
Euskaraz eta kaleko alemaneraz

Amaia Agirrek dotore gidatu zuen aurkezpena. Bertso bidez eman zuen liburu honek egiten duen ekarpenari buruzko bere iritzia, eta Amaren bularra, haurraren janari kantu ezagunaren doinuan berariaz jarritako bertso sorta hunkigarria kantatu zuen. Liburuaren irakurraldi laburrak entzun ziren audioz eta ilustrazioen sortze prozesua erakusten zuen bideo baten bidez ere bai. Agirrek egin zizkien galderak Lizarraga artistei eta Txapartegiri, eta hau izan zen horietako bat: zergatik atera duzue euskaraz eta alemaneraz?

Txapartegik bere "minen hizkuntza" euskara dela esan zuen eta liburu hau euskaraz egitea "hautu politikoa" dela: "Preso gisa nire hizkuntza politizatua izan zen. Euskaraz idazten banion alabari gutuna beranduago iritsiko zitzaion, etengabe hautatu behar nuen bi ondorioen artean". Historia Zurichen gertatzen delako eta "han piztu zen mugimenduari aitortza egiteko" alemaneraz ere idatzia dago album ilustratu hau, baina Txapartegiren hitzetan, "ez alemanera jasoan, guk erabiltzen genuen kaleko alemaneran baizik. Umeek ulertzeko hitzetan kontatu nahi genuen. Baina konturatu naiz izenburua, Zenbat lo, oso euskarazko moldea dela, oso zaila beste hizkuntzetara itzultzeko".