Kartzelak salbatua

  • Unai Agirrek (517 puntu) irabazi du eta zuzenean sailkatu da finalerako. Bere atzetik geratu dira, hurrenez hurren, Beñat Gaztelumendi (501), Iñaki Apalategi (493,5), Oihana Iguaran (482), Nerea Elustondo (476) eta Beñat Lizaso (458,5).


2015eko azaroaren 30an - 09:51

“Hi, saio borobila zian!” bota nion Inesi, zirikatzaile, kartzelako ariketaren faltan, sumaturik irakiten hastear zela, zerbaiten aurka egin nahi eta ezinean. Aurreko kronikan bere ahotan “modu nahiko onargarrian” jarri nituenak irakurri omen zituen, eta behin zorrotz fama hartuta, hari kosta ala kosta eutsi nahi zion. Bai baita Ines pixka bat espezie horretakoa, marmarti sindromeduna, aldez aurretik kontrara egoteko berezko jarrera duena. Atzokoan lan zaila zeukan, ordea: maila oso oneko finalerdia zihoan Tolosan.

Iñaki Apalategi oso fin ari zen, puntu erantzunetan sendo eta sei puntuko motzean bereziki trebe. Oihana Iguaran, ziur asko txapelketak gehien hazi arazi duen bertsolaria, oso erregular eta asmotsu. Beñat Lizaso zuzen, ofizio erabat borobilik egin gabe baina tartean behin une onak utziz. Beñat Gaztelumendi bere ohiko mailan, distiratzen ez zuenetan ere oso bertso egokiak josiz. Berak eta Unai Agirrek egin zuten, zortziko txikian, arratsaldeko ofizio onentsuena. Agirre bikain zebilen denean, gainontzekoei koska txiki bat aterata. Nerea Elustondo, azkenik, gorabehera batzuekin, baina han hemen perla dotoreak utziz.

Panorama zaila, beraz, Ines bezalako kritikari hagin zorrotz batentzat. Alboko eserlekuan nekusan, estualdietan sendo, masailak gorri eta belarriak zut, bere irizpide zorrotzak lau haizetara erakusteko balioko zion aitzakiaren baten esperoan, desesperaziotik gertu. Orduan ailegatu zen kartzela, beti hain eskuzabal, laguna salbatzera.

Hala zioen kartzelako gaiak: “Sarri pentsatu izan duzun arren, ez diozu esan oraindik”. Entzun bezain pronto purrustan hasi zen Ines: “Jarri al zitekek gai irekiagorik? Ia edozer kabitzen duk aterpe zabal horretan! Egin gabeko aitorpen bat botatzearekin aski ditek. Halako gaiek kalte egiten ziotek bat-batekotasunari”. Ideia argiago azaltzeko eskatu nion. “Jakingo duk noski taula gaineko bertsoa izebergaren punta dela ez? Jakingo duk noski horrek bat-batekotik adina daukala aurretik prestatutakotik ez? Bertsolaria entrenatuta igotzen duk horra, errimategiak landuta, errekurtso asko barneratuta, automatismo ugarirekin. Baina, hori hala izanda ere, bazagok zerbait bertso bakoitza bakar egiten duena: unearekiko, testuinguruarekiko duen lotura. Gaia duk, besteak beste, lotura hori zedarritzeko elementu oso garrantzitsu bat. Zer gertatzen duk halako gai zabala jartzean? Gauzak asko errazten dizkioala bertsolariari: ziur asko izango dik gaian kabitzen den bertso sortaren bat aurrez egina. Nahikoa dik hura gogoratu, pixka bat makillatu, eta botatzea. Kartzelako gai on batek eduki behar dik gehiago lotzen duen elementuren bat, bertsoaldia bakar bihurtu arazi nahi badu”.

Inesen sermoia liseritu bitartean, bertsolarien lanari erreparatu nion. Arreta piztu zidan kontu batek: seitik lauk maitasun aitortza bat egin zuten. Lautik hiruk, amari. Lagunari komentatu nion, datu kurioso bezala. Erantzuna prest zeukan hark: “Agian askotxo esatea izango duk, baina sumatzen diat joera bat, inkontzientea ziur asko, emotibitateranzkoa, malkoaren bila joatekoa, entzulearengana iristeko modurik onena balitz bezala. Bide zilegia duk, ondo eginez gero –gaur Gaztelumendi ibili duk finen–. Baina bazauzkak arriskuak ere: azukre gaindosia, hitz ponposoen segida merkeak, poetiko ustezko kurtsiladak... eta hainbatetan muga-mugan ibiltzen dituk batzuk. Entzule moduan asko estimatu diat, esaterako, gaurkoan Agirrek hartu duen bidea, auzi emozionaletatik kanpo mila aitortza egin daitezkeela erakutsiz”.

Eta hori esanda, arnasa sakon hartu eta bere baitara itzuli zen, arratsaldean aurrenekoz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2015
2016-01-14 | Kepa Matxain
Beñat Gaztelumendi Arandia
"Ez zait gustatzen bertsolaritza beste kultur jarduerentzat eredugarritzat saltzea"

Oraindik ez da aparretatik jaitsi, goizegi da Gipuzkoako txapeldun berri izateak zertan eragin dion tentuz aztertzeko. Hori jakinda, finalaz ahalik eta gutxien eta bertsolaritzaz ahalik eta gehien hitz egiten saiatu gara. Atera diren gaiak: belaunaldi berria, kolektibotasuna... [+]


2015-12-23 | Kepa Matxain
Larrialdi deietarako sermoiak

Desesperatuta, Inesen telefono zenbakia markatu nuen. 

– Aizan, behar haunat. 

Nire porrota onartzea zen hura, baina ez neukan beste irtenbiderik. Azken aukera nuen neure buruari frogatzeko gai nintzela nire irizpide hutsez kronika duin bat egiteko,... [+]


2015-12-22
Ahots xumea nagusi

Beñat Gaztelumendi Arandiak jantzi zuen abenduaren 19an Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapela, zezen plaza bete jenderen aurrean. Alaia Martin Etxebestek langa oso goian jarri zuen saio osoan, eta Gaztelumendik bakarkako lanetan lortu zuen hegoak zabaldu eta oso tonu... [+]


2015-12-21 | Kepa Matxain
Finalaren kronika
Larrialdi deietarako sermoiak

Beñat Gaztelumendik (1012 puntu) irabazi zuen txapela, Alaia Martinekin batera (993) buruz buru aritu ondoren. Segidan gelditu ziren Agin Laburu (614), Iñaki Apalategi (603,5), Unai Agirre (595,5), Oihana Iguaran (594), Jon Maia (586) eta Arkaitz Oiartzabal... [+]


2015-12-07 | Kepa Matxain
Eibarko finalerdia
Erabaki zuzenen errepublika

Jon Maia (500,5 puntu) eta Arkaitz Oiartzabal "Xamoa" (481) sailkatu dira finalerako, Eibarko kanporaketako lehen biak. Horiez gain, beste sei lagun arituko dira Ilunben: Alaia Martin, Unai Agirre, Beñat Gaztelumendi, Agin Laburu, Iñaki Apalategi eta... [+]


2015-11-23 | Kepa Matxain
Zarauzko finalerdia
Gorabeherak eta bi marmar

“Hi lasai motel, eser hadi nire ondoan eta nik esango diat zer idatzi behar duan”. Halatsu bota zidan Inesek, ohi duen patxadaz, oharturik urduritzen hasia nintzela bertsolaritzaz arrastorik eduki ez arren ARGIAkoei baietza eman nienetik, baietz, egingo nituela [+]


2015-09-14 | Bertsozale.eus
Gipuzkoako Txapelketa 43 bertsolarik hasiko dute datorren igandean

Irailaren 20an Beasaingo Usurbe antzokian hasiko den txapelketan 43 bertsolarik hartuko dute parte. Abenduaren 20an jokatuko da finala Donostiako Ilunben. Saioetarako sarrerak salgai daude.


Eguneraketa berriak daude