"Kartzelak gaixotzen du eta kartzelak hiltzen du"

  • Espetxeetako osasun zerbitzuaren gabeziez mintzatu da Libertad Francés Lecumberri, Salhaketa Nafarroa elkarteko koordinatzailea: “Osasun arloko langileak espetxeko logikekin eta irizpideekin kutsatzen direnean, zenbait eskubideren bermatzaile izan beharrean, espetxearen interesak babesten dituzte”.

Libertad Francés Lecumberri, Salhaketa Nafarroa elkarteko koordinatzailea.

2024ko apirilaren 19an - 06:31

Espetxeak hustu eta itxi, hori da Salhaketa Nafarroa presoen aldeko elkartearen helburua. Eta bitartean, presoen egoera hobetzeko neurriak hartu, informatu eta hausnartzea, besteak beste. Libertad Francés Lecumberri elkarteko koordinatzaileak Iruñeko kartzelako osasun zerbitzuaren gabeziez mintzatu da, eta nabarmendu du mediku-arreta jasotzeko irisgarritasun falta dagoela, kontsultatik kanpo guardien esku geratzen dela zerbitzua, hitzorduak galtzen dituztela espezialistekin, eta hirugarren gradua lortzeko zailtasunak dituztela: “Iruñekoa bezalako kartzelak hormigoizkoak dira, eta espazio horiek autoritarioak dira, giltzapetzeko logiken araberakoak, naturarekiko kontakturik gabeak, eta drogak daude”.

2021. urtean Nafarroako Gobernuak espetxeetako osasun zerbitzuaren eskumena izatea lortu zenuten. Zer ekarri du horrek?

Legeak aspalditik dioen arren erkidegoek kudeatu behar dutela espetxeetako osasun zerbitzua, 2021. urtera arte Iruñeko espetxeko osasun zerbitzua espetxe-erakundeetako idazkaritza nagusiaren menpe zegoen. Estatuaren menpe zegoenean, osasun zerbitzua gainbeheran zegoen, eta administrazioak berak onartu zuen ez zegoela langile nahikorik eta arreta urria zela. Horrek esan nahi du denbora luzez egon direla horrela. 2021etik lortu duguna da Nafarroako Gobernuak dagokion ardura hartzea.

Zein aldaketa ekarri ditu?

Denbora gutxi pasa denez, ez dugu informazio asko jakiteko praktikan zein eragin izan duen. Halere, maila sozialean eta politikoan, guretzat eragin handia izan du, horri esker Nafarroako Gobernuak dagokion betebeharra hartu duelako. Aurrerapauso bat izan da, horri esker, hobekuntzak exijitzeko Madrilera jo beharren, Nafarroako Gobernura jo dezakegu zuzenean. Garai batean, Iruñeko kartzelan ez zegoen medikurik, kartzelatik ateratzean eta sartzean arazoak zeuden historial medikuekin. Horregatik, espero dugu gauza horiek gehiago ez gertatzea edo poliki-poliki gutxitzea. Egia da barruan daudenek ez dutela aldaketa handirik edo zuzenean aldaketarik sumatu; horregatik, zuhurrak izaten ari gara.

Osasun mentala ere indartu da?

Uste dugu esfortzu handia egin dutela indartzeko, baina horrek ez du esan nahi arreta ona denik. Arreta ez da ona osasun metaleko problemak dituztenek espazio atseginagoak behar dituztelako. Gainera, espazioak okerrera doaz. Iruñekoa bezalako kartzelak hormigoizkoak dira, eta espazio horiek autoritarioak dira, giltzapetzeko logiken araberakoak, naturarekiko kontakturik gabeak, eta drogak daude. Horrelako testuinguruetan zaila da osasun mentala lantzea. Horrez gain, oraindik baliabideak falta dira, batez ere espetxetik kanpo.

"Arreta medikua ez dagoen orduetan, guardien esku geratzen da neurtzea sentitzen duzun buruko mina nahikoa ote den zerbait emateko"

Osasun arloko profesionalez gaiz, gizarte langileen presentziaren beharra aldarrikatzen duzue.

Egoera sozial prekarioagoak dituzten pertsonek osasun egoera konplexuagoak dituzte. Batzuetan osasun egoerak berak eramaten ditu bazterketa sozialera.

Osasunari lotutako zer nolako kexak jasotzen dituzue?

Espetxeetan gertatzen dena ezagutzea oso zaila da. Batzuetan ez dira zenbait eskubide urraketa salatzen albo-kalterik ez izateko. Hala ere, asko jaso ditugu; hala nola mediku-arreta jasotzeko irisgarritasun falta, arreta medikua ez dagoen orduetan guardien esku geratzen delako neurtzea sentitzen duzun buruko mina nahikoa ote den zerbait emateko; arreta txarra; espezialistetara jotzeko atzerapenak; hitzorduak galtzea, ez dagoelako poliziarik joateko; eta kontuan ez hartzea osasun egoera prekarioan dauden pertsonak. Izan ere, legeak dio 70 urtetik gorakoek eta sendaezinak diren gaitzak dituztenek hirugarren gradua eta baldintzapeko askatasuna lortzeko eskubidea dutela. Jasotzen ditugun kexen arabera, osasun arloko profesionalek ez dituzte gauza horiek guztiak kontuan hartzeko proposamenak egiten.

"Saltzen digute gauzarik okerrenak egin dituzten pertsonak kartzelan daudela, baina ez da egia"

Orain arte langileek espetxearen arauen arabera jokatu behar zuten. Orain aldiz, Osasunbidearen arauak jarraitu behar dituzte. Zer dakar horrek?

Osasun arloko profesionalek zenbait irizpide jarraitu behar dituzte eta zenbait eskubide urraketa identifikatu behar dituzte; hala nola tratu txarrak, torturak eta presoa isolatzea, osasun mentalerako bereziki kaltegarriagoa denean. Langileak espetxeko logikekin eta irizpideekin kutsatzen direnean, zenbait eskubideren bermatzaile izan beharrean espetxearen interesak babesten dituzte. Hau da, espetxearen segurtasuna eta izen ona bermatzen saiatzen dira.

Kartzelak gaixotzen du?

Kartzelak gaixotzen du eta kartzelak hiltzen du. Ikerketen arabera, denbora luzez askatasuna kentzeak eragin nabarmena du ikusmenean, entzumenean, dastamenean eta beste zentzumenetan, baita harremanak sortzeko moduetan eta osasun mentalean ere, eta espetxeetan dagoeneko kalean existitzen ez diren gaixotasunak daude. Horrez gain, suizidioa eragiten duen faktore bat da espetxea. Birgizarteratzeko tresna bat bada, ezin da jendea isolatu, neurri autoritarioekin, ardurak kenduz, infantilizatuz eta gero normaltasunera itzuli.

Ikuspegi antipunitibistatik zein alternatiba proposatzen duzue?

Jendeak gaiaren inguruan hausnartzea nahi dugu, eta zalantzan jartzea zer nolako espazioak diren kartzelak eta nola ebazten ditugun gatazkak. Horrez gain, espetxeen errealitatea azaldu behar da, eta ulertu gatazka sozialak desoreka sozialen, ekonomikoen eta beste desberdintasun batzuen ondorio direla. Ostean, mugimendu antimilitaristak egiten duen galdera iguala planteatzen dugu: zertan gastatzen dugu dirua? Gastatu dezakegu kalitatezko osasun publikoan, hezkuntzan eta oinarrizko errenta unibertsalean prebentzioan laguntzeko. Gure helburua ez da espetxeak atseginagoak izatea, baizik eta espetxerik ez egotea, uste dugulako ez direla beharrezkoak. Segurtasunik eza sortzen da, saltzen digutelako gauzarik okerrenak egin dituzten pertsonak kartzelan daudela, baina ez da egia. Zigorraren ereduarekin apurtu behar dugu. Espetxeak ixten ez ditugun bitartean, zenbait hobekuntza egiten saiatzen gara presoen egoera hobetzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kartzela
Garaipen gazi-gozoak

Gure kuadrillan, gazteagotan, askotan komentatzen genuen galtzera ohituta geundela. Hamaika gatazka txiki zein handitan murgilduta ibili ginen, ia beti arrazoiz jantzita eta irudimen handiz, baina gehienetan galdu. Pentsa! Guggenheimen aurkako plataforman aritu ginen Guk geuk... [+]


Datorren urtean hustuko dute Martuteneko kartzela

Donostiako alkate Eneko Goiak azaldu duenez, datorren urtean hustuko dute Martuteneko espetxea, eta Txomiñeneako proiektuaren bigarren fasea martxan jarriko du udalak. Honela aurreratu du Goiak, Tokiko Gobernu Batzordearen ostean egindako prentsaurrekoan, datorren... [+]


Frantziako kartzeletako gainpopulazioa bukatzeko neurriak eskatu ditu Kartzelen Ikuskari Orokorrak

Abuztuaren 1ean 74.237 preso ziren 60.000 lekurentzat, 179 presondegitan banaturik. Baionako kartzelak, demagun, 75 leku ditu eta 135 preso daude gaur egun bertan. Gainpopulazio horren ondorioak zerrendatzen ditu bere oharrean CGLPL Frantziako Kartzelen Ikuskari Orokorrak:... [+]


Presoen suizidioa: zer gertatzen da kartzela barruan?

Preso dauden pertsonen artean portaera suizida areagotu egiten da, faktore psikologiko eta soziodemografikoengatik. Hego Euskal Herrian, 2023an, bi presok egin zuten beren buruaz beste astebetean. Orain gutxi, Eusko Jaurlaritzak “laguntzarako presoen” irudia... [+]


Eguneraketa berriak daude