Espainiako Auzitegi Nazionalak deituta, Mikel Albisuk deklaratu du astearte honetan. Preso ohiari babesa adierazteko elkarretaratzea egin du Sortuk. “Gaurko gertaera hau ez da kasu isolatu bat, honen atzean salbuespenezko legedian oinarritzen den Espainiako Audientzia Nazionala dago”.
1995ean Gregorio Ordóñez PPko zinegotzia hil zuen ETAk, eta hilketa horren harira deklaratu du Albisuk Donostiako Auzitegian, bideokonferentzia bidez. Albisu 2019an askatu zuten, ezarri zioten espetxe zigorra osorik beteta, guztira hamabost urte.
Donostiako auzitegi aurrean, elkarretaratzea egin du Sortuk, “Konponbidea eta bakea, Mikel Albisu gurekin” lelopean. “Hiru urte luze igaro dira Mikelek espetxea atzean utzi zuenetik, eta deialdi berri honek erakusten du berriro ere kartzelak bete nahi dituztela, Euskal Herria iraganera kateatuta mantentzeko”, salatu du Sortuko kide Haimar Altunak.
“Herri honi berriro ere sufrimendua eragin nahi diote”
Altunaren hitzetan, “Aieteko Adierazpenetik hamar urte betetzen diren honetan, ezkerreko independentismoak urtez urte, egunez egun, urratsak ematen dihardu, eta urratsak ematen jarraituko du, herri honetan bakea, elkarbizitza eta Estatuarekin dugun gatazka politikoari irtenbide justu bat emateko. Beste batzuk, aldiz, kontrako norabidean ari dira. Bide hori oztopatu nahi dute, herri honi berriro ere sufrimendua eta mina eragin, eta erabateko ukazioa ezartzeko”.
“Herri honetan bakeak, elkarbizitzak eta konponbideak Mikel gure artean egotea eskatzen du”, aldarrikatu du.