Bilboko auzitegiak bederatzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri die hemeretzi gazteri Kukutzaren eraisketaren aurkako manifestazioan “desordena publikoak” eragitea leporatuta. Kartzela zigorraz gain 84.000 euroko kalte ordainak ordaindu beharko dute.
Iñaki Carro abokatuak Info7 irratian jakinarazi duenez, auziperatu guztiak zigortzea "oso arraroa" da, baldintza oso ezberdinetan egin zietelako aurre epaiketari. Era berean, salatu du epaiketak ez duela oinarri juridikorik, epaileak manifestazioko bideoak ikustea ukatu zuelako. Abokatuak azaldu du soilik Errekalden egoteagatik eta Kukutzari elkartasuna adierazteagatik zigortu dituztela. Hemeretzi gazteen kontrako sententzia kritikatu du abokatuak, eta helegitea aurkeztuko duela iragarri.
Irailean egin zuten epaiketa Bilboko auzitegian. Auziperatuek ukatu egin zuten istiluetan parte hartu izana, eta Iñaki Carro abokatuak adierazi zuen istiluak baino lehen atxilotu zituztela.