argia.eus
INPRIMATU
Kartzela zigorra ezarri diete Mahsa Aminiren heriotzaren berri eman zuten kazetari iraniarrei
  • Niloofar Hamedi eta Elaheh Mohamadi kazetariek sei eta zazpi urteko kartzela zigorrak beteko dituzte AEBetako Gobernuarekin kolaboratzea, segurtasunaren aurkako delituak egiteko konspiratzea eta Irango Errepublika Islamikoaren aurkako jarduerak hedatzea egotzita.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko urriaren 24a
Niloofar Hamedi eta Elaheh Mohamadi. // Argazkia. Change.org

Niloofar Hamedi eta Elaheh Mohamadi kazetariek sei eta zazpi urteko kartzela zigorrak bete beharko dituzte, hurrenez hurren, iazko irailean Poliziaren zaintzapean hil zen Mahsa Aminiren heriotzaren berri emateagatik. Amini Irango gazte kurduarra "belo islamiarra behar bezala ez eramateagatik” atxilotu zuen poliziak.

Niloofar Hamedi Aminiren argazki batzuk zabaltzeagatik zigortu dute. Argazki horietan Aminiren familia agertzen da gaztearen ospitaleko ohearen inguruan. Elaheh Mohamadik, aldiz, erreportajea idatzi zuen Aminiren hileta elizkizunaren inguruan.

Hamedik zazpi urteko kartzela zigorra bete beharko du, eta Mohamadik sei urtekoa, biei AEBekin kolaboratzea egotzita, baita estatuaren segurtasunaren aurkako delituak egiteko konspirazioa eta Irango Errepublika Islamikoaren aurkako jarduerak zabaltzea egotzita.

Bi kazetariak 2022ko irailetik daude espetxean. Mizan Irango agentziak igandean igorritako ohar ofizialaren arabera, oraindik apelazio-instantziara iristeko aukera dute kazetariek, baina apelazioak aurrera egingo ez balu, kartzela-zigorrik luzeena bete beharko lukete.