argia.eus
INPRIMATU
Kartzela-zigor eskaera Bilboko portuan armen esportazioa salatu zuten ekintzaileentzat
  • 2018ko otsailean Bahri Tabuk itsasontzi saudi arabiarraren aurkako protestan parte hartu zuten Greenpeaceko 23 ekintzailek. 200 tona arma kargatzeko asmoa zuela salatu zuten ekintzaileek, eta horietako bederatzik itsasontziaren amarretatik zintzilikatzea lortu zuten. Orain, Fiskaltzak hiru urte eta sei hilabeteko zigorra eskatu du lau ekintzailerentzat.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko otsailaren 17a
2018ko Greenpeaceko protesta Bilboko portuan.

Arma horiek Yemengo gerran erabiltzeko zirela eta “espainiar markako armak hiritarrak hiltzeko” izatea salatu zuten protesta horretan. Fiskaltzak lau ekintzaile alemaniarrentzako eskatu duen kartzela-zigorra “agintaritzaren aurkako atentatua eta kalte kualifikatuak” argudiatuta egin du. Honez gain, protestan erabilitako materiala konfiskatzea eta 4.000 euroko kalte-ordainak exijitzen dizkio Guardia Zibilak Greenpeace-ri, Guardia Zibilaren patruilak jasandako kalteengatik.

Gobernuz Kanpoko Erakunde honek uko egin die akusazioei, beraien ekintzak “indarkeriarik ezaren esparruan” baitaude.  Gehitu nahi izan dute ekintzaileen segurtasuna gailentzen dela beti, eta beraz, ez dela beraiek helburuetan sartzen Guardia Zibilaren txalupekin “konfrontazioa” .

Isiltasunean konplize

Armen salmenta sekretupean jazotzen den gertaera dela salatu du erakundeak, frankismo garaitik dagoen Sekretu Ofizialen  legearen ondorioz. Azalpenak eskatzen saiatu diren eragileek ez dute inongo erantzunik jaso, Motrileko (Granada, Espainiar Estatua) Podemoseko idazkari orokorrak salatu bezala.

Javier Raboso Greenpeaceko Demokrazia eta Giza Eskubideen arduradunak Publicori egindako adierazpenetan, armen merkataritzak “isiltasuna” behar duela esan du. "Zenbat eta gehiago hitz egin, orduan eta gogaikarriago. Horregatik hiltzen dituzte mezulariak eta horregatik dira protestak eraginkorrak ", gaineratu du.