argia.eus
INPRIMATU
Kartoizko eta prezintuzko eskultura, ama, ni eta pailazo bat
Behe Banda 2025eko martxoaren 10
Behe Banda

Behe bandako zutabea bezain erlojuaren aurka prestatzen ditut mozorroak, korrika, aztoratuta, zalantzaz, erretxin, estropezuka eta sarri arrakasta ez erabatekoarekin; adibidez, zutabe hau eta biharko mozorroa. Oraindik ez dakit bietako zein bukatuko dudan lehenago. Baina mozorroa prestatzeko ganbarara azken orduko bisita egin ostean iritsi zait pailazo mozorrotutako fatxaz mozorrotutako inspirazioa. 

Igogailuan garai batean mozorro kutxa izan zena —orain kartoizko eta prezintuzko eskultura abstraktutik hurbilago dagoena—, ama, ni eta pailazo bat elkartu gara. Pailazo jantziak eta barrura sartzeko kontortsioek deserosoak ematen badute ere, isiltasunaren arrazoia beste bat izan da. Hitzik esan gabe, ama eta biok jakin dugu galdera bera daukagula bueltaka: fatxa benetan ez da fatxa eta horregatik mozorrotu da? Pailazo bat dela behingoz onartu du eta dagokion modura jantzi da? Edo ez du ezer ulertu? Erantzuna ere badakigu: inauteriak ez dizkigute ondo azaldu. Ez dute ulertu berez haiek ez direna direla inauteriak. 

Inauteriak txarto esplikatzera dedikatu dira feminismoa txarto esplikatzera dedikatu ziren berberak. Horregatik egiten dugu topo M8ro zirku antzekoarekin

Izan ere, inauterien jatorria pagano, bakezale, mistiko, komunitario, desobediente, iraultzaile… bada, zertan dabil fatxa bat pailazoz jantzita? Pailazo bat pailazoz? 

Zer da mozorrotzea? Zu ez izatea zu. Edo zu izatea zu, baina besteek ez jakitea. Adibidez, zu ile urdineko tximeleta izatea, eta besteek pentsatzea performatzen duzuna tximeleta dela eta ez eguneroko jertse beltza. Gezurra esatea da, baina esan gabe zein den gezurra. Mozorrotzea da zalantza egitea, zer da benetakoa? Txoni hori txoniz mozorrotuta dago edo txonia da benetan? Duda, eh? Eta fatxa pailazoz mozorrotu da edo pailazoa da benetan? Zero duda, eh? 

Inauteriak txarto esplikatzera dedikatu dira feminismoa txarto esplikatzera dedikatu ziren berberak. Horregatik egiten dugu topo M8ro zirku antzekoarekin: diskurtso errepikakor eta azalekoak, slogan kriminalen gehiegikeria bidegabea eta instituzioen kareta morea edo purple face-a, inauteri garaiari ezin hobeto egokitzen zaion terminoa. Baina urtero inauteriekin kointziditzen ez duenez, badakigu zirku hori ez dela inauterietako desfilea, feminismoa ulertu ez duen olatu morea baino —aurten inoiz baino olatuago, zerutik bota duen itsasoari zor—. Eta M8ko lazo moreen salmentaren parekoak ditugu inauterietako pelukenak: borroken, paganoen, disidentzien, desobedientzien, mistizismoen, mamarratxismoen eta gure mobiden apropiazio (kultural) patriarkal, kriminal, kapitalista, merkantilista, faxista, arrazista, diruzalista, korbatista, maltzurrista, bihotzgabista, supervillanista, maromista, eta lotsagabea. Batere lotsarik gabea. Lotsarik gabea nire auzokoa, Porrotx bezalako eminentziei irain egiten.

Ez al zituen frankismoak inauteriak debekatu? Orduan zergatik ari dira bere oinordekoak mozorrotzen? Inauteriak gezurra esatea direla nioenean ez nintzen horretaz ari. Hori ere ez dute ulertu (nahi).

Nire auzoko fatxa ez da bakarra. Ez da bakarra izango mozorrotzea bere ideologiaren aurkako hori den arren pirata, militar eta cowboy jantziko dena Santutxuko Inauterietan. Eta izango dira pailazo jantzita Hormigueroko ikusleak, Not All Men aldarrikatu dutenak, taxiak besoa ohi baino altuago (eta zuzenago) altxatuz eskatzen dutenak eta jai batzordeei isunak jartzen dizkietenak gero haren desfilean parte hartzeko. Izango dira aingeruz mozorrotutako enpresariak, politikariak, poliziak eta bestelako gaizkileak. Azken hauek hizkuntza koofizialetako hilabeteen izenak oso ondo ezagutzen ez dituztenez, agertu dira pare bat urte mozorrotuta eman dituzten despistatuak, edo. Mozorro oso landuak egiten dituzte gainera, tattoatzerainokoak, batzuek bikote eta guzti.  Eta kargatzen dutenez mintzo garela eskuragarri duzue Behe Bandaren azken alea: 3. karga (www.behebanda.eus). Gu ere bagara pailazoak, baina guk ulertu dugu: mozorrotzea ez litzateke giza eskubide unibertsala izan beharko.