argia.eus
INPRIMATU
Kartelak mugatzeko urratsa eman dute Arrasateko eta Zumaiako Udalek, protesta artean
  • Pintaketa, kartel, pankarta, pegatina eta gisakoak erregulatuko dituen ordenantza lantzen hasteko erabakia hartu du Arrasateko Udalak, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. Asteartean egin duten osoko bilkura.

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2016ko martxoaren 23a
Herritar talde bat osoko bilkuran aurkeztu da ordenantzarekiko ezadostasuna erakutsi nahian. (Arg: Mondraberri)

EH Bilduk, Baleikek eta Irabazik ordenantzaren aurka bozkatu dute, “adierazpen askatasunaren” aurkako erasoa dela argudiatuz. “Joseph Goebbelsen –nazien propaganda ministroaren– oinordeko” izatea egotzi dio EH Bilduko Piter Encinasek PSE-EEko Oscar Garciari. “Mozal ordenantza” bataiatu dute neurria.

EAJko ordezkari Anuska Ezkurrak “entzuteko borondatea” erakutsi eta hilabeteko alegazio epea zabalduko dela azaldu du, ordenantzaren aurka daudenek ekarpenak egin ditzaten. Bere esanetan, neurriak ez du debekua ekarriko: “Inori ez diogu ezer debekatuko”.

Herritar talde bat osoko bilkuran aurkeztu da “mozal ordenantzarekiko” ezadostasuna erakutsi nahian. Gaiaren inguruko eztabaida irekitzeko eskatu dute, “inposizioen aurrean, moratoria eta eztabaida irekia ezinbestekoak” direla iritzita. Beren aburuz, “adierazpen askatasuna ezin da ebatsi garbitasunaren izenean”.

Zumaian ere bide beretik

"Kalea guztiona da" ekimena abiatu dute Zumaian debekuari aurre egiteko
"Kalea guztiona da" ekimena abiatu dute Zumaian debekuari aurre egiteko. Argazkia: Kalea Guztioa Da

Asteburuan prentsa-ohar baten bidez adierazi du Zumaiako Udal Gobernuak (EAJ) "garbitasun ordenantza" sortzeko prozesuari ekingo diotela. Herriko elkarte zein eragile ezberdinekin partekatuko dituela ordenantza berriaren nondik norakoak, eta adierazpen askatasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dituela azaldu dute.

Otsailaren amaieran beste ohar baten bitartez, udalak jakinarazi zuen kartelak eta pankartak guztiak, edozein delarik beren edukia edo helburua, kentzeko erabakia hartu zutela. "Kalea guztiona da" ekimena abiatu zuten hainbat herritarrek, "alkateak inorekin konpartituta gabe inposatutako debekuari" aurre egiteko. Ordutik hona kartelak eta pankartak ia egunero kentzen ari direla salatu du kolektiboak, ordenantzarik sortu aurretik "debekua ezartzen ari dira de facto". Aste honetako udaleko oharrari erantzunez, ezinbestekotzat jo dute kalearen erabilpenari buruzko eztabaida herritarrekin batera ematea, baina "oraingoz udal gobernuak kontrakoa erakusten ari da, ordenantza hori oraindik idatzita ere ez dagoen arren (are gutxiago onartuta), debekua bete-betean aplikatzen ari dira, kartelak egunero kentzen dituzte eta". Horregatik, eta "udal-gobernuak debekua bertan behera uzten ez duen bitartean, kalea guztiona dela" gogorarazten jarraituko dute.